Zumaiako Etxape Zentro Sozialista "arriskuan" dagoela ohartarazi zuten maiatza amaieran Mugimendu Sozialistak (MS) egindako agerraldira batu ziren dozenaka herritarrek. Lau urte joan dira MSko kideek Aita Mari auzuneko lokala zabaldu zutenetik, eta duela hilabete batzuk jakin zuten Etxaperen eta han gauzatzen dituzten proiektuen etorkizuna kolokan dagoela: eraikin horretan etxebizitza tasatuak egiteko asmoa duen jabe batek erosi du lokala, eta hark nahiz aurreko jabeak gazteak kanporatu nahi dituztela salatu du MSk.
"Kubo Urban Promociones SL enpresak, eraiki nahi dituen etxebizitzen usteko izaera soziala azpimarratu arren, benetan bilatzen duen bakarra negozioa egitea da, eta asmo horrekin erosi berri du lokala: etxebizitzak eraiki eta epe laburrean haietatik etekin ekonomikoa ateratzeko esperantzarekin", salatu dute MSko kideek. Lokal hutsen gaineko udal ordenantza dela eta, "promotoreak dioen arren udal ordenantzak hori baimentzen diola", ordenantzaren helburua hutsak dauden eta jarduerarik ez duten lokalei erabilera bat ematea dela argitu du MSk, eta ez gaur egun jarduera martxan dutenak hustea. "Zumaiako bizilagun orok badaki Etxapen duela lau urtetik jarduera bat dagoela, eta aldi berean, jarduera hori existitzen dela frogatzen duten hainbat dokumentu ditugu", zehaztu dute.
Halaber, azaldu dute, birkalifikazioari ezezkoa eman ostean, promotoreak ez lukeela aukerarik izan beharko "Etxapen garatzen den jardueraren bortxazko etetea inposatzeko, udal ordenantzak jarduera espekulatiboak ez sortzea bilatzen duela kontuan izanda". Izan ere, MSko kideen arabera, etete horrek "helburu bakarra" izango luke, hau da, "lokala birkalifikatu ahal izateko bost urteko atzera kontaketa aktibatzea". "Horrela, gogotik hustutako lokal batekin espekulatzea bilatuko luke, horretarako herrian eta auzoan jardun sozial aktiboa duen espazio bat eskrupulurik gabe utzarazi behar izanda ere", gehitu dute.
200 sinadura jasota
Testuinguru horretan, sinadura bilketa abiatu zuten aurreko astean MSkoek, herritarrei babesa eskatzeko helburuarekin. Herriko hainbat txokotan jarraituko dute sinadurak jasotzeko postua jartzen, eta babesaa online emateko aukera ere izango da. "Aldarrikapen honekin, promotoreari erakutsi nahi diogu lokala ezin dela birkalifikatu, eta Etxapek egiten duen jardun sozialarekin eta politikoarekin aurrera jarraitu behar duela. Negozioaren gainetik jarri behar da zumaiarrek modu boluntario eta doakoan garatzen duten jarduna".
Oro har, sinadura bilketa harrera ona izaten ari dela kontatu dute, eta dagoeneko 200 bat jaso dituztela. "Gure asmoa da aste hauetan sinadurak biltzen jarraitzea, eta beste herrietan ere ahalik eta babes gehien jasotzea".