Datozenak tenperatura aldetik egun beroak izango direla diote aurreikuspenek. Hondartzara bertaratu ahal izateko egunak, beraz. Bada, bihar bertan hasiko da Zumaian hondartza denboraldia. Ohikoan ekainaren 15ean hasi eta irailaren 15ean amaitzen da denboraldia, baina aurten bi egun lehenago hasi eta bukatzeko hautua egin dute, asteburua aprobetxatu ahal izateko.
Hala iragarri zuten herenegun Gorka Arregi udal arkitektuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen teknikari Nerea Egiak, Itzurun hondartzan egindako ekitaldian. Irati Epelde Aztiko kidearen laguntzarekin, Itzurunek negutik hona bizi izan duen hondar eskasiaren arrazoiak ere landu zituzten bertan.
Hondartza denboraldia abiatzearekin batera, martxan hasiko da sorosle zerbitzua Itzurunen zein Santiagon. Neo enpresa irabazi du lehiaketa Zumaiako hondartzei dagokionez, eta aurreko urteetan lanean aritu diren sorosleak subrogatuko ditu. Arregiren esanetan, bost sorosle arituko dira lanean Itzurunen eta hiru Santiagon. Hala ere, beharren arabera, sorosleak hondartza batetik bestera mugitu ahal izango dira. "Itzurunen harriak badaude, jende gehiago joango da Santiagora, eta beharra badago, Itzurungo sorosleren bat joango da Santiagora zerbitzua indartzera", esan zuen Arregik.
Itzurunen agerian geratutako harriek haren garbiketan eragina izan dezaketela adierazi zuen Nerea Egia aldundiko teknikariak. "Itzurungo garbiketa hondartzaren egoeraren arabera egingo dugu. Harriek baliatzen badute, makinak erabiliko ditugu; bestela, garbiketa eskuz egin beharko dugu". Izan ere, hondartzen garbiketa aldundiaren eskumena da.
Itzurungo zein Santiagoko kantinaka ere, Itzurun txiki zein Portu txiki, lanean hasiko dira uda heltzearekin batera. Itzurunen, berriz, aulkiak jasotzeko zerbitzua jarriko dute martxan, ez, ordea, Santiagon. "Aurrez probatu izan da han eta ez du funtzionatu. Ikustenda erabiltzaile tipologia desberdina dagoela bietan", aipatu zuen udal arkitektuak.
Santiagoko komunak eta txalupa zerbitzua
Amaitu gabe daudenak Santiagoko arrapalaren azpian atondutako komunak dira. "Lanak bukatze bidean daude, baina luzatu egin dira", azaldu zuen Gorka Arregik. Lanak amaitu bitartean, edukiontzi moduko komunak jarriko dituzte Santiagoko tunelaren atzealdean, Portu txiki kantinaren alboan. Arregik nabarmendu zuen "behin behinekoz" jarriko dituztela zerbitzuak han, "lanak bukatu arte". Izan ere, nahiz eta udalak berak eta kantinako arduradunek hala eskatu, Espainiako Gobernuko Kosten Zuzendaritzak ez die uzten komunak kantina ondoan mantentzen.
Asteburuarekin batera ez, baina datorren astelehenean martxan jarriko dena Txomin Agirre kaia, Kirol portua eta Santiago hondartza lotuko dituen txalupa zerbitzua izango da. Aurten, berrikuntza moduan, Mugi txartelarekin ordaindu ahal izango dira bidaiak, baina udal ordezkariek onartu zuten oraindik ez dizkiela aldundiak ordainketarako datafonoak bidali.