TAOren udako aldia bihar abiatuko da

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 14a

TAO iragartzen duten kartelak, Zubitxikian. (Juan Luis Romatet)

Astelehenetik irailaren 15era bitartean egongo da indarrean, egunero. Doako bi aparkaleku izango dira, eta haietako batetik moilara joateko txalupa zerbitzua ere martxan jarriko da etzi.

Uda sasoia hurreratzearekin batera, udako aldiko TAO sistema ere indarrean jarriko da. Bihar hasi eta irailaren 15era arte egongo da indarrean aparkalekuak arautzeko sistemaren udako aldia. 

Errotazio handiko guneak (Txomin Agirre kaia, Amaiako plaza) eta egonaldi ertaineko aparkalekuak (GKN, Axular ibiltokia, Itsas kiroldegia) goizeko 10:00etatik 20:00etara bitartean, astelehenetik igandera, kasu konkretu batzuetan izan ezik:

  • Anbulatioroko aparkalekuan 08:00etatik 17:00etara bitartean ordaindu beharko da, astelehenetik ostiralera; gainontzeko orduetan eta asteburuetan doan izango da.
  • Izustarri kaleko aparkalekua ordainpekoa izango da, 10:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera; gainerako orduetan eta asteburuetan doakoa izango da.

Herriko gainontzeko lekuak bertakoentzat izango dira. Bertakoen txartela indarrean dutenek, doan aparkatu dezakete, bakoitzari dagokion gunean, 1ean edo 2an. 

Horiez gain, doako bi aparkaleku gune izango dira, Sarauneko zabalgunean (Kirol portu alboan) eta Estazioko industriagunean.

Bulegoa ere zabaltzear

Aparkatzeko txartel berria behar dutenek, bi aukera dituzte haiek eskuratzeko: Internet bidez, zumaia.eus webgunean, edo Kantauri 7 kalean (Moilaberriko tren geltoki zaharraren atzealdean) zabalduko duten bulegoan. 

Irailaren 15era bitartean izango da bulegoa zabalik, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era. Ostiraletan, berriz, 08:00etatik 15:00etara bitartean zabalduko ditu ateak.

Txalupa zerbitzua ere martxan

Txomin Agirre kaia, Kirol portua eta Santiago hondartza lotzen dituen txalupa zerbitzua ere martxan jarriko da astelehean. Sarauneko zabalguneko aparkalekua eta moila arteko bidea ontzi bidez egin ahal izango da. Azken honen prezioa euro bat izango da pertsonako –1,5 euro Santiagora joan nahi bada–, eta aurten Mugi bidez ordaindu ahal izango da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide