Prest daude Zumaiako arraunlariak hastear den traineru denboraldiari ekiteko

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 13a

Eguerdian Saregile plazan egindako ekitaldian aurkeztu ditu Telmo Deun arraun elkarteak denboraldi berrian Zumaiaren izena eramango duten ontziak eta eskifaiak. Harrobiko arraunlariei ere aitortza txikia egin diete. 

Martxan jartzear dira traineru ligak, eta haiekin batera lehiatzeko prest dira Zumaiako traineruak. Datorren asteburuan izango dituzte denboraldiko lehen bi hitzorduak KAE-1 ligan arituko diren gizonek, eta astebete beranduago ekingo diote lanari Euskotren ligan arituko diren emakumeek. 

Ohi duen bezala, Telmo Deun arraun elkarteak Zumaiako izena Kantauri isurialdean zehar eramago duten traineruak eta arraunlari taldeak aurkeztu nahi izan ditu, lehia hasi aurretik. Gaur eguerdian egin dute aurkezpen ekitaldia, azken urteotan egin bezala, Saregile plazan. 

Hasteko, harrobiko arraunlariei aitortza txiki bat egin nahi izan die klubak, baita beterano mailako arraunlariei, denen izenak banan banan irakurriz. Beteranoek, baina, ezin izan dute ekitaldian izan, Espainiako txapelketa lehiatzen arituko direlako A Coruñan (Galizia). 

Ondoren, saregileen eta Telmo Deun traineruko arraunlarien txanda heldu da. Hauek ere banan banan jarri dira ontzien alboan, beraien izenak entzun eta gero. Denboraldi berrira begira dituzten helburuak ere aipatu dituzte emakumeen entrenatzaile Joxe Enrike Manterolak, eta gizonen gidari Mikel Portularrume aiarrak. 

Manterolaren hamalaugarren denboraldia da aurtengoa, eta helburu nagusia mailari eustea izango dela onartu du. Portularrumerentzat, aldiz, lehen urtea da aurtengoa Zumaiako entrenatzaile bezala, eta helburua arraunlariak egindako lanarekin pozik egotea dela esan eta gero, ohorezko txandan egotea baztertzen ez dutela ere adierazi du. 

Gizonek Astilleron (Kantabria, Espainia) izango dute lehen hitzordua datorren larunbat arratsaldean, eta hurrengo goizean Pasaian bigarrena. Emakumeek, berriz, Madrilen (Espainia) estreinatuko dute denboraldi berria, Buitrago del Lozoya urtegian, hain zuzen. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide