Zarauzko Triatloiak parte hartzaileen maila handia agerian utzi zuen atzo. Izan ere, olatu handiek eta bero itogarriak ez zituzten kirolariak mendean hartu. Iaz ez bezala, jarraitzailez eta senidez betetako hondartzara iritsi ziren triatletak, Getaria eta Zarautz arteko itsas zeharkaldia egin ondoren. Eguraldia lagun, ehunka herritar eta bisitari gerturatu ziren malekoira, urteko kirol hitzordu esanguratsuenetako batez gozatzera. Petriletik jarraitu zuten proba, giro apartan.
Emakumezkoen kategorian, Helene Alberdi zumaiarra izan zen hondartzara iristen lehena; 39 minutuan osatu zuen itsas zeharkaldia. Haren parean iritsi zen Mikayla Messer australiarra, eta hirugarren izan zen Alanis Siffert suitzarra, minutu bat eta 49 segundora.
Txirrindularitzako zatian, ordea, Siffert nagusitu zen argi eta garbi. Lehen postua eskuratu zuen bigarren sailkatuari bederatzi minutuko aldea aterata. Anne Sophie Pierre frantziarra izan zen bigarrena, eta Alberdi hirugarrena, 10 minutu eta 20 segundora.
Azkenik, 20 kilometroko korrika saioa amaituta, Siffert izan zen helmuga zeharkatzen lehena, 04:18;31ko denborarekin. Horrela, txapelketako bere bigarren titulua eskuratu zuen. Hala ere, aurten iaz baino 15 minutu gehiago behar izan ditu proba amaitzeko. Bigarren postuan Alberdi sailkatu zen (04:33;54), eta helmuga zeharkatu bezain pronto lurrera bota zen, nekearen eta beroaren eraginez. Paramedikuek artatu behar izan zuten. Hirugarren izan da Pierre, 04:34;43ko denborarekin. Dominak jaso dituzte helmugan bertan, ikusleen txalo artean.