Espainiako traineru txapelketak jokatu dituzte asteburu honetan Galiziako Meira-Moañan. Maila absolutoan ez da Zumaiako ordezkaritzarik egon. Bai, ordea, beteranoetan. Emakumeez eta gizonez osatutako traineru mistoak hartu du parte txapelketan, kategoria mistoan.
Maila horretan lau ontzi besterik ez dira sailkatu eta, beraz, ez dute sailkatze estropadarik jokatu beharrik izan; zuzenean finala jokatu dute. Bertan, Galizia bertako hiru aurkari izan dituzte zumaiarrek: Esteirana, Muros eta Chapela. Gaur goizean jokatutako finalean bigarren izan dira Zumaiakoak, bandera astintzea lortu duen Esteiranaren atzetik.