Ruben Arredondo buru duen Zumaia Cuban Boxing klubak urteak daramatza boxeo jaialdiak antolatzen Zumaian, uda sasoia hastearekin batera. Lehen Lubaki kiroldegian egiten zituzten, baina urte batzuetatik hona Aitzuri pilotalekura lekualdatu dute jarduera.
Aitzuri frontoiak beroa izateko fama du pilotari eta pilotazaleen artean, baina atzokoan freskotasuna aurkitu zuten bertan, kalean egiten zuen bero saparekin alderatuta. Beroagatik edo, aurreko aldietan baino zaletu gutxiago bertaratu zen atzokoan Aitzurira.
Zazpi borrokaldi izan ziren atzo guztira, eta horietako batzuetan Zumaiako klub bertako boxeolariak joan ziren igotzen ringera. Kolpe partekatzeak izan ahala, zaletuen animoen eta oihuen bolumena ere handitzen joan zen. Boxeoaren ikuskizunaz gozatzeko parada izan zuten denek ere.