Plaieroak eta poker txapelketa, Inpernuperen 40. urteurrena ospatzeko

Maddi Txintxurreta 2026ko ekainaren 15a

Inpernupe elkartearen 40. urteurrena ospatzeko antolatutako ekintzen barruan, plaieroen partidak eta poker txapelketa jokatu zituzten larunbatean. 

Inpernupe elkartea 40. urteurrena ospatzeko ekintzetan murgilduta dago, eta arrakasta izan zuten pasa den larunbaterako antolatutako jarduerek. Goizean plaieroen partidak jokatu zituzten Santiago hondartzan, eta arratsaldean, berriz, poker txapelketa Inpernupen.

Plaieroak ez dira kontu berria Zumaian: 2015ean antolatu zituzten azkenengo aldiz, Inpernupe Libre egunean, eta ekimena berreskuratu dute urteurren honetan. Zortzi taldek parte hartu zuten –Itsas pepinoak, Usapho, Nikol crew, Besapeko oldiya, Moxolo, Merengitoz, Olarrua txikloso eta Irizarren princesak– Santiago hondartzan jokatutako futbol partideta, eta Usapho taldea izan zen lehiaketako txapelduna.

Arratsaldean, berriz, karta jokoari eman zioten bide. 28 lagun animatu zen poker txapelketan parte hartzera, eta Roman Etxanizek lortu zuen txapela bururatzea. Amaia Zendoiak egin zuen bigarren, eta Yul Etxabek, berriz, parte-hartzaileen artean zozketatutako pokerreko maletina jaso zuen.

Uztailaren 4ra bitartean ospatuko dute Inpernuperen 40. urteurrena. Honakoa da datozen asteetarako prestatu duten egitaraua:

  • Ekainak 19, ostirala: kontzertua D'Capricho taldearen eskutik (pintxo potea egongo da)
  • Ekainak 21, igandea: 13:00etan, bertso saioa Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Oihana Bartra eta Jon Maiarekin. Gai jartzailea: Maddi Gallastegi.
  • Ekainak 27, larunbata: 12:00etan, Lierniren Omenezko II. Patata Tortilla Lehiaketa.
  • Uztailak 4, larunbata: egun osoan zehar, Inpernupek 40 urte, libre eta bizirik! festa. 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide