Uraren Euskal Agentziak (URA) hasierako onarpena eman dio Oikia auzoko saneamendu proiektuaren bertsio eguneratuari, eta herritarren iritziak nahiz ekarpenak jasotzeko epea ireki du orain. Jardueraren helburua da Aizarnazabaletik, Oikia auzotik eta Xey industrialdetik datozen hondakin-urak bildu eta Basustako araztegira bideratzea. Horrela, URAren arabera, eremu horretan dauden isurketak ondo kudeatu ahalko dira, eta inguruneko ingurumen-kalitatea hobetuko da.
Horretarako, kolektore, ponpaketa-estazio eta bultzada-sare egokitu bat ezartzea aurreikusten du proiektua berrituak: hondakin-urak eta euri-urak bakoitza bere hoditik garraiatuko dituzte, eta saneamendu sareak emari handiagoak bere gain hartzeko gaitasuna izango du. URA agentziak azaldu duenez, helburua da "hondakin-uren garraiatzea eraginkorragoa eta kontrolatuagoa bermatzea, ibilgura isurketak kentzea eta ingurunearen ingurumen-kalitatea hobetzea". Funtsean, euri-uren eta hondakin-uren arteko bereizketa handitzea da proiektu berriak dakarren aldaketa nagusia, eta hondakin-uren tratamendua eraginkorragoa izatea ahalbidetuko du horrek.
Herritarrek esteka honetan kontsulta ditzakete proiektu berriaren xehetasun guztiak.