Lindy hop jaialdia egingo dute bosgarrengoz Zumaian

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 18a

Iaz egindako jaialdiko irudi bat. (Juan Luis Romatet)

Swing musikak hartuko du larunbatean Zumaia, bosgarren Zumaia Swing jaialdiarekin. Eguerdi partean dantza kalejira egingo dute, eta bazkalondoren, zuzeneko musikarekin dantza saioa Kofradian.

Bosgarren urtez jarraian, lindy hop jaialdia egingo dute herrian. Larunbatean izango da jarduera, eta swing estiloko musikarekin dantzan arituko dira Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorriko diren dantzariak. 

Marmitako swing izena jarri diote 14:00ak aldera egingo duten otorduari, atuna osagaia duen gisatua emango dutelako bazkarian. Izan ere, bazkariak garrantzia berezia izaten du Zumaian egiten duten jaialdian, parte hartzaileak sozializatze aldera. 

Aurretik, 12:30ean hasita, poteo-kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar, eta arratsaldean, 19:00etan hasita, zuzeneko musikarekin dantza saioa izango da Kofradiako plazan. Blue Vibes Jazz Band taldeak jarriko du musika, eta harekin arituko dira gira eta buelta dantzan. 

Eguraldiak laguntzen badu, Itzurun hondartzan amaituko dute aurtengo saioa, ilunabarrarekin dantza eginez.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide