Sinestezina dirudien arrean, egun Gernika parkea dena moila komertziala izan zen bere garaian. Urola bailaratik ekartzen zituzten materialak, izan burdina, izan zementua, garabi handien bidez kargatzen zituzten zamaontzietan. Testinguru hartan, Urolako trena martxan jartzearekin batera, duela mende bat eraiki zuten tren geltokia Moilaberrin. Ondoren, Zumaiako Osasun Zentroa ere izan zen garai batean, eta orain hirugarren erabilera, hirugarren bizitza, eman nahi izan diote urte dezentetan hutsik egon, baina ondare aldetik babestuta zegoen geltoki zaharrari. Bertan kokatu dute Zumaiako Turismo Bulego berria; horrez gain, herriaren historiako pasarte batzuk jasotzen dituen museoa ere atondu dute etxeko lehen solairuan.
Gaur eguerdian egin dute eraikinaren inaugurazio ofiziala, eta erakundeetako ordezkariak bakarrik ez, aurrez geltoki zaharreko erabiltzaileak zirenak gonbidatu nahi izan ditu udalak. "Geltokia zenean jende bat bertan bizi izan zen, baita jaio ere, eta haiek gonbidatu nahi izan ditugu. Baita anbulatorioa zeneko sendagile, erizain edota administrariak ere", azaldu du Iñaki Ostolaza alkateak. Maria Zubimendi akordeoi-jotzaile zumaiarraren doinuek jantzi dute ekitaldia.
Hitza hartzen lehena Zumaiako Udaleko turismo teknikari Esti Irureta izan da. Gogoan izan du duela 25 urte sortu zutela Turismo Saila Zumaian, eta ordutik bulegoa Moilaberritik hurbil izan bada ere, eraikin berrira mugitzeak ilusioa eragiten diola adierazi su. Halaber, nabarmendu du bisitariei bakarrik ez, bulegoak herritar beraiei ere zerbitzua eskaintzen diela. Moilaberri Estazioa bihurtu den eraikina "enblematikoa" dela esan ondoren, herritarrek "maite duten" etxea dela ere esan du.
Eraikina eraberritzeko beharrezkoa zen diru kopurua lortzen lagundu dien erakundeei, proiektua gauzatzeko lanetan aritu diren sailei, eta museografia proposamena ontzen lagundu duten elkarteei (ZIIZ, Beduloa, norbanakoak...) eskerrak eman eta gero, eraikin beraren historiaren errepasoa egin du Iñaki Ostolaza alkateak. Geltokia eta anbulatorioa izan eta gero, aurten 100 urte beteko dituen eraikinari hirugarren bisitza ematea helburu izan dutela adierazi du. "Bere garaian Zumaiako sarrerako geltokia zen, Zumaiarekin lehen kontaktua eskaintzen zuen, eta egoki ikusten genuen Turismo Bulegoa ere bertara eramatea", azpimarratu du ekitaldian. Bisitariei zerbitzua emango zien eraikina bakarrik ez, "herritarren elkargune" izatea ere nahi izan dutela nabarmendu du.
Hala, behe solairuan bisitari zein herritarrak artatzeko guneak jarri dituzte. "Zumaiako informazioa bakarrik ez, bailarakoa edo Geoparkekoa ere emango dute, baita herriko beste zerbitzuetan parte hartzeko gonbidapena egin ere". Zentzu horretan, hiltegi zaharrean atontzen ari diren Flyschenea zerbitzua aipatu du, orain arte Algorri zentroa izan dena.
"Nondik gatoz, nora goaz"
Lehen solairuan, berriz, Zumaiako industria-ondarearen testigantza eskaintzen duen museoa prestatu dute. "Kanpotik datozenek, baina baita bertakoek ere, ezagutu behar dute nondik gatozen, zein den Zumaiaren izaera, eta norantz egin behar dugun", esaten amaitu du alkateak
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Diputatu Azahara Dominguezek, bere aldetik, gaurkoa Zumaiarentzat eta Urola Kosta guztiarentzat "egun garrantzitsua" zela esan du, eta iritzi izan dio turismo bulegoak "gure aurkezpen gutunak" direla, "bisitariek aurkitzen dituzten lehen ateak", alegia. Bisitari kopuruez eta okupazio datuez haratago, turismoa ekonomia sektore garrantzitsua dela ere azaldu du, baita esan ere sektorean 40.000 pertsonak egiten dutela lan Gipuzkoan.
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Komertzio eta Kontsumo Sailburu Javier Hurtado, berriz, pozik agertu zen proiektu horren amaiera eta irekiera bizi izan dituelako. "Politikagintzan gutxitan ikusten ditugu proiektu batzuen hasiera eta bukaera, eta pertsonalki pozik nago hemen hori ikusi dudalako". Europar Batasunak emandako Next Generation funtsen bidez proiektu desberdinak finantzatu direla ere gogoratu zuen, "eta aktuazio horietako bat da hemen duguna".