Sorpresa aurkitu dute gaur goizeko lehen orduetan Zarautz eta Zumaiako tren geltokietako erabiltzaileek. Izan ere, gauez trenbidean lanak egiten aritzen den Euskotreneko unitate bat errailetatik atera da, eta horrek bi herrien arteko tren zerbitzua eten beharra eragin du.
Abiadura motelean zihoan tren bat errailetatik atera de Zarauzko sarreran. Dirudienez, trenbidearen azpiko harriak konpaktatzeko lanetan ari zen unitatea istripua izan duenean. Ondorioz, trena garabien bidez altxatu eta errailen gainean jarri beharko dute lehendabizi, eta gero, trenbidea eta azpiko materiala bere onera ekarri, zerbitzua segurtasunez martxan jartzeko. Lehengoratze lanek egun osoa iraun dezaketela adierazi dute, eta zaila ikusten dutela zerbitzua gaur berriro martxan jartzea.
Ondorioz, bi herrien arteko bidea autobusez egiten ari dira herritarrak. Donostiarako bidea jarraitu nahi dutenek, dena den, trenak izango dituzte zain Zarauzko geltokian, eta Bilboran joatekoak, Zumaiako geltokian.