Pasa den ostiral arratsaldean jokatu zuten Odieta pilotalekuan herri txapelketako ligaxkaren faseko zortzigarren eta azken jardunaldia. Sailkapeneko liderra, Etxabe-Beristain bikotea, zuzenean sailkatu da finalerdietara, lehenengo faseko partida guztiak irabazi ostean.
Ostiraleko jardunaldian hiru partida jokatu zituzten orotara, eta irabazle argiak izan ziren guztietan. Hala, ligaxka bigarren postuan amaitu du Olaizola-Etxabe bikoteak Fleitasen eta Lizeren aurka 22-6 gailenduta; hirugarren egin dute Etxabek eta Mañuk Ellakuriari eta Mañuri 22-14 irabazita, eta laugarren Zearretak eta Olaizolak, Tumas-Iribar bikotearen aurka 22-4ko aldeko markagailua lortuta.
Datorren ostiralean, ekainaren 19an, jokatuko dituzte herri txapelketako finalerdiak. Etxabe-Beristain bikotea Zearreta-Olaizolaren aurka lehiatuko da, eta Olaizolak eta Etxabek Mañu eta Etxabe izango dituzte aurrez aurre. 18:00etan hasiko dituzte partidak, Odietan, eta egun horretako emaitzek ebatziko dute zein pilotari izango diren finalean.