Datorren astean hasiko du Telmo Deun arraun elkarteko gizonen ontziak traineru liga. KAE 1 ligan arituko da aurten ere, eta entrenatzaile berria izango du Zumaiako gizonen taldeak, Mikel Portularrume Paorra (Aia, 1983). Taldea osatzeko izandako zailtasunez eta denboraldi berrirako beren buruari ezarritako helburuez hitz egin du elkarrizketa honetan aiarrak.
Ibilbide luzea duzu arraun munduan, lehendabizi arraunlari lanetan eta orain entrenatzaile gisan.
Ez nizuke jakingo esaten zenbat urte egin ditudan arraunlari gisan, baina hogei bat izango dira. Azken urte hauetan, aldiz, entrenatzaile lanetan nabil.
Entrenatzailea zara orain. Arraunlari ibilitako urteekin ez al zenuen nahikoa izan? Harrak hor jarraitzen al du zure barrenean?
Harrak hor segitzen du beti. Gustuko ofizioa dut. Arraun mundutik kanpo egondako denboran ere beti arraunera begira egoten nintzen. Uste dut telebista bidez ez nuela estropada bat bera ere galdu, eta telebista bidez ez bazen, irrati bidez jarraitzen nituen; eta gaur egun, sakelakoa erabilita. Txiki-txikitatik arraunarekin hazi naiz, hori ikusi izan dut eta odolean daramat.
Zumaiara iritsi aurretik, zer klubetan aritu zara entrenatzaile lanetan?
Santurtzin [Bizkaia] egin nuen urtebete, 2022-2023 denboraldian. Nire lehenengo aldia izan zen entrenatzaile lanetan. Gero, urtebete egon nintzen geldirik, eta Lapurditik deitu zidaten. Klub hartan egin nuen iazko denboraldia, eta aurten Zumaian nago.
Nola heldu zitzaizun Zumaia entrenatzeko proposamena?
Lapurdin segitzeko asmoa nuen, baina eskifaia osatzeko nahikoa lan genuen. Iaz maila hobetu genuen, [KAE 1 ligako] ohorezko txandan sartu ginen, eta hura hobetzea genuen helburua. Baina, baja asko zirela eta, ikusten zen aurten agian ez zela trainerurik aterako. Talde oso ederra da Lapurdi, oso ona, umila, urte ederra egin genuen. Baina proiektua oso justu zegoela ikusten nuen, eta, gainera, etxetik urrutik dago hura [Donibane Lohitzunekoa da kluba]. Zumaiatik deitu zidaten, etxetik gertu dago, eta pena handiarekin, baina erabaki bat hartu beharra zegoen eta gonbidapena onartu nuen. Baina, hemen ere komeriak izan ditugu taldea osatzeko. Komeria oso handiak.
Zer-nolako kluba aurkitu duzu Zumaian?
Hona etorritakoan esan zidaten lehen gauza izan zen kristoren zorra zegoela [kar kar kar]. Hori, Zumaia bezalako klub batean, kanpotik begiratuta klub handia eta historia handikoa... Galdetu nienean ea talderik bazegoen, "nahikoa lan" erantzun zidaten. Baina ohituta nago. Santurtzin ere hala ibili nintzen, jendea bilatzen. Lapurdin, iaz, pixka bat triste hasi ginen, baina urtea ondo borobildu genuen. Eta hemen ere, hasiera oso gogorra izan da, bai jende aldetik, bai material aldetik ere. Materiala, arraunak, ontziak, berritu behar dira; baina oraingoz, dugunarekin egin beharko dugu lan.
Helbururik jarri al dizu zuzendaritzak?
Izan nuen lehen bileran esan zidaten helburua trainerua ateratzea zela. Baina ni horretara bakarrik ez nentorren. Oso lehiakorra naiz, eta gustatzen zait nire ontziak ahalik eta ondoen eramatea. Helburua trainerua ateratzea bakarrik bazen, nahiago nuen etxean geratu. Jubenilekin-eta hamabost bat laguneko taldea osatu genuen. Lehenengo helburua mutilak osatzea izango da, gustura ibiltzea, lana nahiko gogorra delako. Gure lana egiten badugu, goiko postuetan egoteko esperantzak baditugu. Helburuez hitz egiterakoan, igoera aipatzen dute denek, baina igoera lortzea ez da erraza. Ahalik eta goren egoten saiatuko gara, eta igoera etortzen bada, ondo. Entrenatzaile gisa, pozgarria zait mutilak gustura ateratzea uretatik.
Taldea osatzeko nahikoa lan izan duzula aipatu duzu. Gaur egun, zenbat lagunek osatzen dute eskifaia?
Neguan jubenilekin aritu gara lanean, eta eskerrak jubenilak genituen. Gaur egun, hamazazpi lagun ditugu. Apirilean Ondarroatik [Bizkaia] etorritako hiru lagunekin osatu dugu taldea; hiru mutil gazte, eta eskerrak, denen beharra dugu eta.
Orain arteko lana nola baloratzen duzu?
Entrenamendu politak egin ditugu, baina arraunlariak pixka bat itzalduta nabari izan ditut, animo aldetik oso baxu. Urte asko daramatzate arraunean; duela bi urte play-off-etik kanpo geratzearen afera gertatu zen, eta iaz bosgarren egin zuten. Baina neguan emaitza onak lortu ditugu, Lekeitioko [Bizkaia] azkena kenduta. Lasai egoteko esan diet arraunlariei, gurpilean sartu ditut, eta pixkanaka animatzen eta motibatzen joan dira.
Denboraldia hasteko desiatzen egongo zarete.
Bai, bai, eguraldia hobetzen ari da, eta egunak luzatzen. Horrekin guztiarekin, lehiatzeko harra pizten da. Horretarako entrenatzen dugu, eta lehiatzeko gogoarekin gaude.
Arraunak badu uda sasoian erakusleiho koloretsua, baina zein da, zure ustetan, horren atzeko errealitatea?
Arraunak atzean lan asko dauka, bai goiko mailetan, baita behekoetan ere. Azaroan hasten gara entrenatzen, ergometro zaharrari tiraka, eguraldi txarrarekin itsasora atera behar... Goian dabiltzan klubek ere lanak izaten dituzte, baina horiek telebistan ateratzen dira. Oso polita da arrauna irabazten duenarentzat, baina hamabigarren egiten duenak lan berbera egin behar du. Berdin-berdin sufritu behar du, asko: gosea pasatu, pisuan egon, asko entrenatu, asko... etengabeko lana da. Hori guztia badakigu, baina arrauna gustuko dugu, eta horregatik jarraitzen du jendeak. Egia da, hori bai, gero eta gazte jende gutxiago aritzen dela arraunean.
