Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruko kontzertua izango da abuztuan Zumaian

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 17a

Manuel Ruiz, kontratenorra. (Donostiako Musika Hamabostaldia)

Abuztuan zehar, Donostiako 87. Musika Hamabostaldiaren barruko lau emanaldi ikusteko aukera izango da Urola Kostan. Zehazki, Azkoitian, Azpeitian, Orion eta Zumaian izango dira kontzertuak. Zumaiakoa abuztuaren 9an iango da, Parrokian.

Donostiako 87. Musika Hamabostaldia Urola Kosta eskualderaino iritsiko da beste urte batez. Abuztuan, dozenaka kontzertu ikusteko aukera eskainiko du musika jaialdi horrek, eta horietako lau izango dira eskualdean eskainiko dituztenak. Hain justu, Azkoitian, Azpeitian, Orion eta Zumaian izango dira emanaldiak. 

Abuztuaren 9an, igandez, Manuel Ruiz kontratenorrak Iliber ensemblearekin batera emango du kontzertua, Zumaiako San Pedro parrokian (20:00). Dario Tamayok zuzenduta, Mar Blascok eta Cristina Altemirrek (biolina), Marta Samperek (da braccio viola), Hector Hervasek (biolontxeloa), Javier Utrabok (kontrabaxua) eta Anibal Sorianok (tiorba eta gitarra barrokoa) osatuko dute ensemblean. Heroe desvelado izeneko lana aurkeztuko dute horiek guztiek, Haendel, Hasse eta Vivaldi konpositoreen operek osatutako pieza. 

Denak, doako kontzertuak

Donostiako Musika Hamabostaldiak jakitera eman duenez, Urola Kostan eskainiko dituzte kontzertu horiek guztiek ikusteko sarrera doakoa izango da. Dena den, emanaldi bakoitza eskainiko duten gunearen edukiera bete arte izango dituzte zabalik ateak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide