Lan Ikuskaritzak "lan arrisku larriak" egiaztatu ditu Mendiaraiz enpresan, CCOOren arabera

Nerea Uranga 2026ko ekainaren 18a

Mendiaraiz enpresaren Azpeitiko lantegi bat.

CCOO sindikatuak salaketa jarri zuen Lan Ikuskaritzan, Zumaiako Mendiaraiz SL enpresaren Azpeitiko soldadurako lantegietan ez zirelako lan arriskuak saihesteko neurriak betetzen. Sindikatuak adierazi duenez, Lan Ikuskaritzak egindako azterketan baieztatu du "arau hauste larriak" egiten dituztela lantegi horietan. Guka jarri da harremanetan enpresarekin, baina momentuz, ez du erantzunik jaso.

Zumaiako Mendiaraiz SL enpresaren Azpeitiko soldadura lantegietan –Arretxe eta Amue kaleetan daude– lan arriskuak saihesteko neurrietan arau hauste larriak daudela baieztatu du Gipuzkoako Lan Ikuskaritzak, CCOO sindikatuak jakinarazi duenez. Hain zuzen, sindikatu horrek Lan Ikuskaritzara jo zuen, Mendiaraizen Azpeitiko lantegietan lan arriskua saihesteko neurriak ez zirela betetzen salatzeko.

CCOOren salaketari erantzuteko txostena egin du Gipuzkoako Lan Ikuskaritzak, eta sindikatuaren arabera, egiaztatu egin dute "arau hauste larriak" daudela Mendiaraizen Azpeitiko soldadura lantegietan. Txosten horren arabera, enpresak ez ditu neurriak hartzen langileek ke metalikoak eta manganesoa, kromoa, nikela eta beste zenbait substantzia kantzerigeno arnastea saihesteko.

Sindikatuaren arabera, Lan Ikuskaritzak egiaztatu ahal izan du enpresak ez duela produktu kaltegarrien esposizioa gutxitzea bermatzeko araua betetzen. Higiene azterketan neurtu dituzten balioak "onartezinak" dira sindikatuaren esanetan, eta balio horiek saihesteko edota gutxitzeko araututako neurririk ez du bete enpresak.

CCOOren salaketaren ondorioz, Mendiaraizen Azpeitiko hiru lantegi ikertu dituzte. Guka jarri da harremanetan Mendiaraiz enpresarekin, baina ez du erantzunik jaso.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide