Motorren burrunbak entzungo dira beste behin ere Alai auzunean. Bikers Urola Kosta Zumaia elkarteak antolatuta, Zumaiako XII. Moto topaketa egingo dute bihar, larunbata, herriko auzune horretan. Bertara inguratuko dira eskualdeko eta Urola Kostatik kanpoko motorzaleak, haien motozikleten inguruko sekretuak partekatzera, besteen motoak ikustera, eta elkarren artean une ederrak pasatzeko esperantzarekin.
Goizeko 09:30ean hasiko dira lehen moto gidariak Alaira hurreratzen. Aitzuri frontoi aurrean elkartuko dira, eta ongietorria egin eta gero, kamiseta bana emango zaie. 11:00etan, berriz, moto irteera egingo dute eskualdeko errepideetan zehar. Ordubete inguruko irteera izango dela aurreikusi dute, eta behin Zumaiara itzulita, taldeko argazkia aterako dute auzunean, bazkaltzera joan aurretik.
Bazkaria Santiagoko Talaia jatetxean egingo dute, 14:30etik aurrera. Parte hartzeko, 35 euro sartuko dira Rural Kutxako ES35 3008 0172 0131 3763 1929 kontu korrontean. Diru sarrera egiterako orduan kamisetaren neurria ere eman beharko da.
Jolasak arratsaldean
Behin bazkaria bukatuta, berriro Alaira bueltatuko dira motorzaleak, eta 17:00etatik aurrera motor jolasak izango dituzte, musikaz lagunduta. 19:00etan, berriz, zozketak izango dituzte. Berez, hura izango da eguneko azken ekitaldia, baina antolatzaileek esandakoaren arabera, festa giroak jarraipena izango du auzunean.