Sortu berri duten Challengers Tour zirkuituan arituko dira Cosme Agirre eta Unai Uranga

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 19a

Atzo Bilbon egin zuten ekitaldiko irudia. Goiko ilaran, Frida Watkins eta Unai Uranga. (Utzitakoa)

Lehen mailako txapelketen ateetean dabiltzan puntistak arituko dira zirkuitu berri horretan, eta horien artean izango dira Cosme Agirre eta Unai Uranga zumaiarrak. Aitzuri frontoia zirkuituko egoitza ere izango da uztailaren amaieran.

Suspertze handia izan du zesta puntak azken aldian Jai Alai ligari, eta harentzako puntuagarriak diren txapelketei esker. Indartze nahi horretan, beste pauso bat eman dute orain, eta Challengers Tour izeneko zirkuitua sortu dute. Lehen mailako txapelketak jokatzeko atean dauden puntista talde bat arituko da zirkuitu horretan, eta horien artean dira Cosme Agirre eta Unai Uranga zumaiarrak. 

24 pilotari arituko dira Challengers Tourrean, horietatik hamabi Hego Euskal Herrikoak izango dira, eta Iparraldekoak zein Frantziakoak gainontzeko hamabiak. Hamabi izango dira justu zirkuituaren barruan jokatuko dituzten txapelketak, denak ere finalerdi/final formatuan. Lortutako puntuei esker, zortzi puntista onenek abuztuan Hossegorren jokatuko duten azken txapelketan parte hartzeko aukera izango dute. Agirreri eta Urangari dagokionez, Durangon egingo dute debuta zirkuituan, uztailaren 4an.

Zumaian, uztailaren amaieran

Bederatzi egoitza izango ditu Tourrak, eta Zumaiako Aitzuri izango da horietako bat. Uztailaren amaieran izango da Zumaiako hitzordua. Uztailaren 27an jokatuko dituzte finalerdiak, eta hiru egun geroago, hilaren 30ean finalak. Herrikideen artean jokatzeko aukera izango dute Agirrek zein Urangak.

Honakoak izango dira uztailaren 27an jokatuko dituzten neurketak:

  • Cosme-Betelu vs Benetrix-Latry.
  • Arrasate-Iturralde vs Bonnin-Uranga.

 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide