Urola Kostako industriaguneak seguruagoak, irisgarriagoak eta erakargarriagoak izatea da Urola Kostako Udal Elkartearen 'Denontzako Industriaguneak' egitasmoaren helburua. Egitasmoaren barruan, azken hilabeteetan egindako azterketa teknikoarekin eta parte hartze prozesu batekin, Aia, Getaria eta Zumaiako industriaguneen egungo egoeraren diagnostikoa osatu dute.
Prozesuan zehar, identifikatutako beharrei eta hobekuntzei buruzko ikuspegi osatua lortzeko, industrialdeetan kokatutako enpresen, bertako langileen, hornitzaileen eta gainerako erabiltzaileen iritziak jaso dituzte.
Diagnostikoan lortu dituzten emaitzak partekatzeko eta kontrastatzeko helburuarekin, online saioak antolatu dituzte aztergai izan diren industriaguneetako enpresekin eta bertako langileekin. Saio hauetan, diagnostikoaren ondorio nagusiak aztertuko dituzte, eta enpresen eta langileen balorazioak eta proposamenak jasoko dituzte. Ekarpen horiek oinarri izango dira egitasmoaren hurrengo fasean landuko duten ekintza plana definitzeko.
Etzi, 09:30ean, Aiako Olaskoegia-Ubegun industriagunearen txanda izango da; egun berean, 11:00etan, Zumaiako industriagunearena (Estazioko poligonoa, Joxe Mari Korta poligonoa eta 'Xey' poligonoa) eta, uztailaren 1ean, 09:30ean, Getariako industriagunearena (Igarategi-San Prudentzio eta Txori-Tonpe). Saioetan parte hartzeko esteka honetan izena ematea beharrezkoa da.