Euskotrenek gaueko tren zerbitzu berezia jarri du San Pelaio jaietarako

Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 21a

Tren bat, Errekalden. (Artxiboa)

Zarauzko San Pelaio jaiak direla eta, ostegunetik ostiralerako eta ostiraletik larunbaterako gauetan aparteko tren zerbitzua eskainiko du Euskotrenek joan-etorriak errazteko.

Inguruko herrietako jende ugari erakartzen dute herrira Zarauzko sanpelaioek. Datorren ostegun, ostiral eta larunbatean ospatuko dituzte jaiak eta, horren harira, gaueko tren zerbitzu berezia jartzea erabaki du aurten ere Euskotrenek. Zerbitzu berezia Zumaia eta Donostiako Amara artean izango da, bi noranzkoetan. Ostegunetik ostiralerako eta ostiraletik larunbaterako gauetan egongo da zerbitzu berezia.

Honakoak dira eskainiko dituzten zerbitzu bereziak: Zumaiatik Amararako noranzkoan 01:03an, 02:43an eta 05:03an aterako dira trenak Zumaiatik. Beste noranzkoan, berriz, hau da, Amaratik Zumaiarakoan, 00:20an, 02:00etan eta 04:20an aterako dira Amaratik. Azken tren horiek 00:44an, 02:24an eta 04:44an igaroko dira Oriotik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide