Oxfordeko 'ha* rra** pa*** tu' erakusketak herritarrak seduzituko ditu gaurtik aurrera

Maddi Txintxurreta 2026ko ekainaren 19a

Alondegia.

Gaurtik uztailaren 12ra bitartean egongo da ikusgai hiru sortzailek ondutako  ha* rra** pa*** tu erakusketa. Proiektuaren baitan, gainera, kontzertua eta marrazketa ikastaroa egingo dituzte Oxford aretoan.

Alondegiko Oxford aretoak erakusketa berri bat aterpetuko du gaurtik aurrera: Andrea Berbois, Adrian Irisarri eta Angela Rodriguez sortzaileek ondu duten ha* rra** pa*** tu. Artisten hitzetan, bisitariak seduzitu, hots, harrapatu, asmo ditu erakusketak, eta Oxforden gertatuko denak sorginkeriaren antza izan dezakeela ohartarazten dute. 

Eusko Jaurlaritzak EAEko arte garaikidea sustatzeko Eremuak programaren baitan sortu dute erakusketa, eta Maider Aldasoro arduratu da bitartekaritza lanak egiteaz. Berboisen, Irisarriren eta Rodriguezen proiektua uztailaren 12ra bitartean egongo da ikusgai Oxford aretoan. Astebarruko egunetan, 18:00etatik 20:00etara izango da erakusketa bisitatzeko aukera, eta asteburuetan nahiz jaiegunetan, berriz, 12:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Erakusketaz gain, ha* rra** pa*** tu proiektua musikaren eta marrazketaren bidez adarkatuko da uztailaren 10ean. Egun horretan, 17:30ean, marrazketa lantegia eskainiko du Angela Rodriguezek, eta 19:30ean kontzertua emando du Andrea Berboisek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide