Azken urteotan zaintzaren inguruan egindako lanketan urrats berri bat eman nahi du Zumaiako Prebentzio Mahaiak: Torreagako etxebizitzetan udalak eskuratutako 1.400 metro koadroko lokalean zaintzarako espazio bat sortu nahi du. Atzo, ostirala, egin zuten espazioa antolatzeko eta eskaini daitezkeen zerbitzuak zehazteko saioa Emakumeon* Etxean, Juntura kooperatibako arkitektoek gidatuta.
Torreagan irudikatzen duten espazio horrek izan beharko lituzkeen ezaugarriak, erabilerak eta antolaketa aukerak aztertzea izan zen atzoko saioaren helburua, baina asmo handiago bati segika hasi dute bidea: etorkizuneko guneak herritarren arteko harremanak, elkarlana eta komunitate sareak indartzeko tresna izan dadin nahi dute.
Zaintza komunitariora eta partekatura bidean
Antolatzaileek azaldu duenez, azken urteotan Zumaiako zaintza eredua aztertzeko egindako lanketa da pauso berri honen hauspoa. Prebentzio Mahaiak hainbat herritar eta eragilerekin batera hausnarketa egin du zaintzaren beharrei, erronkei eta aukerei buruz, Zumaian zaintza komunitarioago eta partekatuago baterantz aurrera egiteko helburuarekin.
Hausnarketa horretan identifikatutako ildoetako bat izan da zaintza kontuan hartuko duten espazioak sortzea, eta Torreagako udal espazioa aukera egokia dela iritzi diote. Herritarren topaguneak, laguntza sareak eta belaunaldien arteko harremanak sustatzeko helburua izango luke etorkizuneko espazioak.
Espazioa zaintzari lotutako askotariko beharretara bideratzea aurreikusten du Prebentzio Mahaiak, eta hainbat aukera ditu buruan, hala nola, guneko zentro bat, ludoteka bat edo aniztasun funtzionala duten pertsonentzako guneak. Era berean, gaur egun herrian sakabanatuta dauden zaintzarekin lotutako zerbitzu batzuk bertan kokatzeko aukera ere aztertu zuten, harremanak eta sinergiak sustatzeko helburuarekin.
Aurrerantzean, proposamena zehazteko lana hartuko du Prebentzio Mahaik, herriko eragileen eta herritarren ekarpenak kontuan hartuta.
Lanketa zabalaren emaitza
2023an zaintzaren arloko lanketa gidatzeko koordinazio mahaia sortu zuten Prebentzio Mahaiak eta Zumaiako Udalak, eta geroztik, herriko hainbat eragilek parte hartu dute hark deitutako saioean, besteak beste, gizarte zerbitzuetako, osasun arloko eta nagusien egoitzetako ordezkariek eta langileek, herriko eskoletako ordezkariek, zaintza lanetan zein boluntario moduan aritzen diren herritarrek, Nagusien Mahaiko kideek, mugimendu eta talde feministetako kideek eta udal ordezkariek eta teknikariak.
Elhuyar fundazioarekin batera, zaintzaren eta zaintza lanen inguruko diagnostikoa egin zuten 2023an zehar, eta eragile guztien arteko ezagutza sustatzeko lan egin zuten. Iaz, halaber, Matia Institutuaren laguntzarekin, zaintzaren inguruko hausnarketa prozesuarekin jarraitu zuen Zumaiako Prebentzio Mahaiak. Horren baitan, herriko zaintza ekosistemaren inguruko hainbat saio egin ziren, udalerriko beharrei, egun dauden zerbitzuei eta etorkizuneko aukerei buruz hausnartzeko. Prozesu horren azken faseetako bat dakar Torreagako espazioan zaintzarako gune bat sortzeko proiektuak.