Arraun denboraldiari hasiera ona eman diote Zumaiako arraunlariek, kasik bikaina, Zarautzek ez balie bandera ebatsiko bi segundogatik. Astilleron (Espainia) jokatu dituzte gaur arratsaldean KAE1 ligako lehenengo estropadak.
Bi txandetan banatuta egin dute arraun KAE1 kategoriako hamabi traineruek, eta bigarrenean atera dira zumaiarrak. Astillerok, etxean jokatu duen taldeak, lortu du lehenengo txandako denborarik onena, eta erreferentzia horrekin (21:16:82) jokatu dute bigarren tandako sei ontziek. Telmo Deunek eta Enbatak agindu dute estropadan, eta pare-parean izan dira lehian: 5:24ra berdindu dute lehenengo ziabogan, segundo bat aurretik biratu du Zarautzek bigarrenean, berdinduta sartu dira berriz hirugarrenean, eta azken luzean estututa, Zarautzek lortu du denborarik onena (11:18:34), eta beraz, Astilleroko bandera. Bi segundo atzetik geratu dira zumaiarrak (11:19:64).
Bihar, Pasai Donibanen
Zumaiako taldeak Pasai Donibanen (Gipuzkoa) du bihar hitzordua, 12:00etan. III. Adinberri Bandera jokatuko dute; linean izango da estropada, lau kaletara, sei luzerekin.
