KAE 1 ligako bigarren jardunaldia jokatu dute gaur eguerdian Pasaian (Gipuzkoa). Baliza batekin arazoak izan dituzte antolatzaileek estropadak hasi aurretik, eta hori konpondu ezinda, azkenean ezin izan dituzte estropadak lerrokatuta jokatu, lau kaletara. Banaka aritu dira 2. kaletik, erlojupekoan. KAE 1ean, gizonezkoek hiru txandatan banatuta egin dituzte lanak 12:00etatik aurrera.
Atzo Zarautzek eraman zuen bandera Astilleron Zarauztarrek eta zumaiarrek agindu zuten estropadan, eta pare-parean ibili ziren bukaerara arte. Azkenean, bandera Enbatak irabazi zuen bi segundoko aldearekin. Gaur, ordea, Deustu gailendu zaie zarauztarrei eta zumaiarrei, 20:47:70 denbora eginda –hirugarren izan zen atzo–. Alde nabarmenarekin nagusitu dira bizkaitarrak, Zarautzek 20:59:00 denbora egin baitu. Atzo bezala, gaur ere hirugarren izan da Zumaia, 21:14:27 denbora eginda. Sailkapen orokorrean ere postu horretan da Telmo Deun, 21 punturekin. Zarautz da lider 23 punturekin, eta Deustu da bigarren, 22 punturekin. Zumaiak dotore hasi du liga, beraz.
Hurrengo hitzordua ekainaren 27an, larunbatarekin, izango dute Plentzian (Bizkaia), 16:00etan hasita. Klubeko emakumeen lehen taldeak, berriz, Madrilen hasiko du Euskotren liga, Buitrago del Lozoyan, igandean 11:20an.
