Iazko finalistak, herri txapelketako finaletik kanpo

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 22a

Finalerdietako une bat. (Utzitakoa)

Pasa den ostiralean jokatu zituzten Odieta pilotalekuan binakako esku pilota txapelketako finalerdiak. Sorpresak izan ziren, iazko finalistak txapela jokatzetik kanpo geratu direlako. 

Amaitzear da aurtengo eskuz binakako herri txapelketa. Pasa den ostiralean Odieta frontoian jokatu zituzten finalerdietan erabakita geratu zen zer bi bikote arituko diren txapelaren borrokan. 

Ezustekoak izan ziren ostiraleko neurketetan. Izan ere, iazko txapelketan finalistak izan ziren bi bikoteak jokoz kanpo geratu ziren finalaren atariko jardunaldian. Lehen partidan Etxabe-Mañu eta Olaizola-Etxabe bikoteak neurtu ziren. Iazko irabazle Etxabe eta Mañu aurretik jarri ziren markagailuan, eta zazpi tantoko aldea ere izan zuten (8-1), baina 1-22ko partziala eginez, markagailua irauli zuten Aizarnazabalgo eta Zumaiako pilotariek osatutako bikoteak, partida 10-22 emaitzarekin irabaziz. 

Bigarren partidan, iaz txapeldunorde izan ziren Etxabe eta Beristain, Zearreta eta Olaizolaren aurka aritu ziren. Iazko finalistak irabazten hasi ziren, baina Zearretak eta batez ere Olaizolak ondo zigortu zuten Beristain atzelaria, eta partida luze baten ondoren, 9-22 emaitzarekin nagusitu ziren, finalerako txartela lortuz. 

Txapelketako azken partidak datorren ostiralean jokatuko dituzte, 17:30etik aurrera, Odietan. Lehendabizi, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko dute Etxabe-Mañu eta Etxabe-Beristain bikoteek; ondoren, finalaren txanda izango da, eta Olaizola-Etxabe eta Zearreta-Olaizola kantxaratuko dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide