Palmaresari beste garaipen bat gehitu dio Maite Urteagak

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 22a

Maite Urteaga, atzo Balmasedako podiumean. (@ETXFed)

Balmasedako Emakumeen Saria irabazi zuen atzo Eulen-Amenabar taldeko txirrindulari zumaiarrak. Bakarrik heldu zen helmugara, bigarrenarekiko bi minutu pasako aldearekin. 

Denboraldi aparta ari da egiten Maite Urteaga txirrindulari zumaiarra. Duela bi aste erlojupeko Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketa irabazi eta gero, atzo Balmasedan (Bizkaia) jokatutako Emakumeen Saria lasterketan gailendu zen Eulen-Amenabar talde zarauztarreko txirrindulari zumaiarran, beste behin ere maila itzelean dagoela erakutsiz. 

Bero saparekin jokatu zuten Bizkaiko Enkarterrietan antolatutako txirrindularitza proba. 67 kilometroko bidea egin zuten Elite mailako txirrindulariek Euskaldun Txapelketarako puntuagarria zen hitzorduan. Denboraldian zehar aurretik gertatu izan den bezala, erasokor aritu zen Urteaga, baita ihes egin ere. Hala, bakarrik heldu zen helmugara, 1:50:25 denbora eginez; bigarren egin zuen Goretti Sesmari bi minutu eta hamar segundoko aldea atera zion, eta sei minutu eta 39 segundo hirugarren egin zuen Maialen Narbonari.

Lasterketa orduko 36,408 denborarekin amaitu zuen zumaiarrak. Iaz ere Maite Urteaga izan zen Balmasedan irabazle, agerian utziz proba horri neurria hartu diola.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide