Caceresek hartu ditu pasa den asteburuan Adimen Urritasuna duten Pertsonentzako Espainiako Kirol Federazioak antolatutako txapelketak. Saskibaloi, igeriketa, atletismo eta areto futbol txapelketak jokatu dituzte Extremadurako hiri horretan. Azken kirol modalitate horretan hartu du parte Leire Esnal zumaiarrak, iaz egin bezala, Gaztela eta Leongo selekzioarekin.
Ostiralean hasi ziren txapelketa jokatzen. Madril, Gaztela-Mantxa eta Extremaduraren aurka aritu eta gero, atzo jokatu zuen Esnalen taldeak finala, berriro ere Madrilen aurka. "Kristoren partida jokatu dugu, hortxe izan dugu [garaipena], baina Madrilek 3 eta 1 irabazi digu", azaldu du Esnalek berak. Hala, txapeldunorde izan da Leire Esnal jokalari izan duen Gaztela eta Leon areto futbolean.