Beroari aurre egiteko gomendioak eman ditu udalak

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 22a

Erkibeko lorategia. (Juan Luis Romatet)

Abixu gorria ezarri du Eusko Jaurlaritzak gaurko eta biharko, beroagatik. Zumaiako Udalak aholkuak eman ditu beroari aurre egiteko, eta tenperatura altuetatik babesteko leku freskoen berri ere eman du.

Azken egunotan izandako beroa areagotu egin da azken ordutan eta eguraldiaren iragarpenek aurreikusten dute hala jarraituko duela datozen egunetan ere. Horren aurrean, abixu gorria ezarri du Eusko Jaurlaritzak, muturreko tenperaturengatik, gaurko eta biharko, bereziki eguerditik iluntzera arte.

Zumaiako Udalak, bere aldetik, berotik babesteko aholku batzuk eman ditu: kanpoan ez jardutea ezarritako ordutegian, ura edatea nahiz eta egarririk ez izan, leku freskoetan eta klimatizatuetan egotea, eta arropa arina erabiltzea, txapela eta eguzkitako betaurrekoen babesarekin. Adinekoei, haurrei eta gaixo kronikoei arreta berezia eskaintzea ere gomendatu du udalak.

Beroari aurre egiteko leku freskoen zerrenda ere iragarri du udalak. Horien artean daude Alondegiko liburutegiak (haurrena 11:00etatik 13:00etara nahiz 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta helduena, berriz, 09:30etik 20:00ak arte), Moilaberri Estazioa (10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara), Emakumeon Etxea (17:00etatik 19:00etara), Erkibeko lorategia eta Gernika parkea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide