Aste batzuetatik hona, Inpernuperen 40. urteurreneko ekitaldiak ari dira egiten herrian. Hala, karta jokoen txapelketak izan dira, plaieroetako partidak, baita hitzaldiak, musika eta bertso saioak ere. Oraingo honetan, duela urte batzuk zendu zen Lierni Linazisoro izango dute gogoan, haren omenez egingo duten patata tortilla txapelketarekin.
Datorren larunbatean, ekainaren 27an, egingo dute aurtengoarekin bigarren aldia betetzen duen lehiaketa. Eguerdiko 12:00etan hasiko dira sukaldariak lanean, eta parte hartzaile kopuruaren arabera, Kofradia eta Saregile plaza artean banatuko dira.
Zapatuko saioan parte hartu nahiko dutenek aurrez izena eman beharko dute Inpernupe tabernan edo elkarteak Instagramen duen @inpernupe.elkartea kontuan. Izena emateko epea etzi, ostegunean, itxiko dute.