Zumaiako Triatloi Taldeak zabaldu du dagoeneko aurtengo Zumaiako Triatloirako izen ematea. Hitzordua irailaren 12an izango da, larunbat arratsaldean. Sprint modalitatean jokatuko dute kirol proba hura, eta gainera Euskadiko Txapelketa izango da Zumaiako hitzordua.
Triatletek egun horretan egin beharko duten lana honakoa izango da: 750 metro igerian, itsasadarrean zehar; 20 kilometro bizikletan, eskualdeko errepideetan; eta 5 kilometro korrika herriko kaleetan zehar. Kirolari federatuek eta federatuak ez direnek izango dute aukera proban parte hartzeko.
Emakumeen probak emango dio hasiera iraileko saioari. 17:00etan aterako dira hauek. Iaz egin bezala, federatuak uretatik aterako dira, eta federatuak ez direnek Arranplatik. Berdin gertatuko da gizonezkoekin, baina hauek 17:20an hasiko dute beraien saioa.
Kadeteak eta kirolari egokituak
Kadete kategoriako gazteei eta triatleta egokituek ere izango dute Zumaian lehiatzeko aukera. Hauek super sprint modalitatea egin beharko dute, honako distantziak eginez: 350 metro igerian, 11,4 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika. Hauen kasuan, kirolari egokituek 16:50ean hasiko dute lana; Kadeteek, bere aldetik, 17:15ean. Egokituen kasuan, Zumaiakoa Euskadiko Paratriatloi Txapelketa izango da.
Izen emateak dagoeneko zabaldu dituzte Rock the sport atarian. Sprint modalitatea korritu nahi dutenek hemen dute izena; kadeteek eta kirolari egokituek, aldiz, hemen. Bien kasuan ere, izena emateko epea irailaren 7ko gauerdian itxiko dute.