Suaren bueltan bilduko dira beste behin ere herritarrak. San Juan bezpera da gaur, eta ohikoa den bezala suak piztuko dituzte Sanjuaniturrian eta Gernika parkean. Egun hauetan izaten ari den beroaldia dela eta, Zumaiako Udalak iragarri du ohikoan dutena baino intentsitate baxuagoa izango dutela aurten suek.
Ilunabarrarekin batera piztuko dute sua Alde Zaharreko bihotzean dagoen Sanjuaniturrian, 22:00etan. Haren bueltan arituko dira dantzan Zumaiako Musika eta Dantza Eskolako euskal dantzetako ikasleak, Zumaiako Txistulari Bandak jotako musikaz lagunduta. Haren amaieran, 23:00etan, Ekhi gaua egingo dute Gernika parkean, eta han ere sua piztuko dute, Moilaberri Estazioaren parean.
Bi horiek izango dira baimenduko diren su bakarrak. Izan ere, udalak gogoratu du herriko beste edozein lekutan sua piztea galarazita dagoela, "bai espazio publikoetan, baita baimenik gabeko eremuetan ere". Gaineratu du zuhurtziaz jokatzea ezinbestekoa dela, "azken egunotako beroak eta lehorte-baldintzek sute-arriskua nabarmen handitu baitute".