Sanpedroetako argazki lehiaketa irekia antolatu du Distira elkarteak

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 23a

Sanpedroetako egitaraua iragartzeko erabiliko dituzte argazkiak. Irudian, 2024ko danborrada. (Arnaitz Rubio Aprea)

Aurtengo ekainaren 20tik 29ra bitartean atetarako argazkiekin hartu daiteke parte lehiaketa horretan. Haren helburua da San Pedro jaiak iragartzeko erabiliko diren irudiak aukeratzea.

Ohikoan antolatzen dituen argazki lehiaketa eta rallyei, beste jarduera bat gehituko dio aurten Zumaiako Distira argazki elkarteak. Hala, Sanpedroak gai izango duen argazki lehiaketa antolatu du elkarteak, Zumaiako Udalarekin elkarlanean. Izan ere, lehiaketa honek badu helburu zehatz bat eta hura izango da San Pedro jaiak iragartzeko udalak erabiliko dituen irudiak aukeratzea. Halaber, datozen urteetako esku programak, saritutako argazkiekin bakarrik ez, sarituak ez direnekin ere osatuko dute egitarua. 

Lehiaketara aurtengo ekainaren 20tik 29ra bitartean aterateko irudiek parte har dezakete, eta formatu digitalean aurkeztuko dira. Sakelakoarekin, kamerarekin, dronarekin edo edozein gailu digitalarekin ateratako argazkiak onartuko dituzte. Egile bakoitzak, gehienez, bost argazki aurkeztu ahal izango ditu, eta distiraelkartea@gmail,com helbidera bidali beharko ditu. Argazkiekin batera, egilearen datuak eta argazkien izenak jarri beharko dituzte. Lanak aurkezteko azken eguna uztailaren 5a izango da.

Hiru izango dira banatuko dituzten sariak: argazki onenaren egileak 100 euroko saria jasoko du, Gertu elkartearen erosketa txarteletan; zumaiar onenak 80 euroko saria eskuratuko du, hau ere erosketa txarteletan; eta 16 urtetik beherako batek ateratako argazki onenaren egileak, 50 euroko balioa duten erosketa txartelak.

Ukitu digitalak bai, adimen artifizialik ez

Lehiaketa horretan edonork parte hartu ahal izango du, "argazkigintzako profesionalek eta epaimahaikideek izan ezik", eta lanak onartzerako orduan modalitate bakarra ezarri dute: argazki zuzena. "Tratamendu digital bat onartuko da (mailen doikuntza, kolorea, fokuratzea, birrenkoadratzea, zuri beltzak edo biratuak...), baina inolaz ere ez fotomuntaketak", argitu dute antolatzaileek. gaineratu dute, argazkiari baimendu gabeko zuzenketa digitalak aplikatu zaizkiola detektatzen badute, lan hori deskalifikatu egingo dutela. Aldi berean, adimen artifizialarekin egindako edo aldatutako argazkirik onartuko ez dutela ere esan dute. 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide