Intentsitate baxuagokoak izan arren, bart Zumaian piztu zituzten suek herritarrak erakartzeko gaitasun berdina izan zuten. Azken egunotako beroaldiagatik, San Juan egunaren bezperan piztu zituzten suak ez ziren izan, agian, aurreko urteetakoak bezain handiak, baina, hala ere, horrek ez zituen zumaiarrak uxatu, eta suaren bueltan elkartu ziren, Alde Zaharrean lehendabizi eta Gernika parkean ondoren.
Aspalditik datorren ohiturari jarraipena emanez, ilunabarrarekin batera piztu zuten sua Sanjuaniturrian. Hasiera batean Alde Zaharreko plazatxora bertaratutako jende kopurua aurreko urteetakoa baino urriagoa izan zen, baina minutuak pasa ahala, joan ziren zumaiarrak bertaratzen, suaren ikuskizunak erakarrita. Han aritu ziren gira eta dantza Zumaiako Musika eta Dantza Eskolako euskal dantzetako ikasleak, Zumaiako Txistulari Bandak jotako musikari erantzunez.
Behin dantzak amaituta, sugarren gainetik salto egin nahi zuten gaztetxoen txanda izan zen. Une horretan jaitsi ziren Arritokietatik Inpernupeko joaldunak, eta Hammelingo txistulariaren funtzioa betez, oraindik ere Sanjuaniturrian zeuden lagunak eraman zituzten Gernika parkera, Ekhi gaueko parte hartzaile izatera. Musika, dantza eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizunak ehunka lagun bildu zituen, eta denek ere amaieran izan zuten dantza saio komunitarioan aritzeko parada.
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)