Bihar amaituko da buruhandi bezala sanpedroetako kalejiran aritzeko izen emate epea

Juan Luis Romatet

Buruhandia San Pedro jaietan. (Mireia Galarza Bastida)

Datorren igande arratsaldean egingo dute erraldoien eta buruhandien kalejira, eta 10 eta 14 urte bitarteko gazteek aukera izango dute buruhandi bezala ateratzeko. 

San Pedro jaietan dagoeneko ohikoa den bezala, erraldoien eta buruhandien kalejira egingo dute aurten ere. Datorren igandean izango da, ekainaren 28an, 18:00etatik aurrera, eta udaletxe paretik abiatuko da multzoa, herriko kaleetan zehar kalejira egiteko.

Buruhandi bezala ateratzeko aukera zabaldu die udalak 10 eta 14 urte bitarteko gaztetxoei. Horretarako, aurrez izena eman beharko dute. Bi modu daude izena emateko: 943-86 10 56 telefonora deituta, edo posta elektronikoko kulturetxea@zumaia.eus helbidera idatzita. Izena emateko azken eguna bihar izango da, ekainaren 25a. 

Izena emango duten guztien artean zozketa egingo dute, eta kalejiran arituko diren buruhandi bakoitzak Gertu Elkarteko saltokietan erabiltzeko erosketa txartel bana jasoko du.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide