Bihar eta asteburu osoan zehar jokatuko dute Sabiñanigon (Aragoi, Espainia) Espainiako Txirrindularitza Txapelketak. Erlojupeko probak jokatuko dituzte bihar bertan, eta ondoren etorriko dira lineako beste probak.
Zumaiako ordezkaritza izango da Aragoiko hiri horrek hartuko dituen lasterketetan, irteera puntuan izango direlako Aitor Agirre (Smartlog Nest) eta Maite Urteaga (Eulen-Amenabar) txirrindulari zumaiarrak. Lehenak bi proba jokatuko ditu: erlojupekoa eta lineakoa; Urteagak, bere aldetik, lineako proba bakarrik izango du jokoan.
Bihar bertan izango du lehen hitzordua Aitor Agirrek. Elite kategoriako txirrindulariak 15:00etan izango du erlojupeko lasterketa. Guztira, 31 kilometroko bidea egin beharko dute parte hartzaileek. Bigarren hitzordua igandean izango du, lineako lasterketarekin. 10:00etan hasiko da lasterketa, eta egin beharreko lana 211 kilometrokoa izango da. Lasterketa horretan, eliteko ziklistak profesionalekin batera lehiatuko dira, baina amaieran beraien kategoriako sailkapena izango dute.
Maite Urteagak, bere aldetik, Gipuzkoako eta Euskadiko erlojupeko txapelketak irabazi zituen ekainaren 9an Aizarnazabalen jokatutako proban. Espainiako txapelketan, baina, ez da arituko modalitate horretan, eta lineako lasterketan zentratuko da. Lasterketa larunbatean jokatuko dute, 09:48tik aurrera.