Uztailaren 10era arte eman daiteke izena Itzurun-Arranpla igeriketa zeharkaldian

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 24a

Iazko aldiko irteera unea, Itzurunen. (Juan Luis Romatet)

Uztailaren 11n jokatuko dute igeriketa zeharkaldi horren aurtengo edizioa. Berrikuntza bat ere izango da, helduei zuzendutako 1.500 metroko proba ere antolatuko dutelako aurten. 

Bi aste pasatxo besterik ez dira falta Itzurun-Arranpla igeriketa zeharkaldiko edizio berria bizitzeko. Uztailaren 11n jokatuko dituzte kirol jarduera horri dagozkion probak, eta haietan parte hartzeko izen ematea oraindik zabalik dagoela adierazi dute Taosa igeri klubeko antolatzaileek. 

Goizean jokatuko dituzte probak, eta ohi bezala, haurrentzako eta helduentzako probak izango dira. Haurrentzat bi proba izango dira, bakoitza distantzia batekin: 500 metrokoa eta 1.100 metrokoa. Igerilari gazteak 11:30ean abiatuko dira Santiago hondartzako itsasertzetik, eta Arranpla parean amaituko dute esfortzua. 

Ordu horretan bertan (11:30ean) eta leku beretik (Santiago hondartzatik) aterako dira 1.500 metroko proban arituko diren helduak. Hura izango da aurtengo hitzorduko berrikuntza nagusia. Izan ere, akaso 3 kilometroko proba igerilari batzuentzako gehiegizkoa izan daitekeelakoan, distantzia erdiko proba egingo dute aurten. 

Proba nagusia 12:15ean aterako da Itzurun hondartzatik, eta Talaimendi eskuinean utzita, barrara helduko dira, eta 3.000 metro igerian egin eta gero, Arranplako helmuga puntura helduko dira parte hartzaileak. 

Aipatu probetan aritzeko izen ematea zabalik dago dagoeneko, rockthesport.com webgunean. Izenak emateko epea uztailaren 10eko gauerdian itxiko dute, proba bera hasi baino ordu gutxi batzuk lehenago.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide