Pasa den ekainaren 7an, bi kultur jarduera egin zituzten aldi berean Zumaian. Kaleko pintura lehiaketa egin zuten goiz partean, eta horrekin batera, argazkilariak ere kalera atera ziren Distira argazki elkarteak, udalarekin elkarlanean, antolatutako Udaberriko argazki rallyan parte hartzera. Atzo arratsaldean egin zuten argazki lehiaketa horren sari banaketa ekitaldia, Alondegiko Oxford aretoan.
Javier Lopez Fabian argazkilari nafarrak aurkeztutako irudi bilduma izan da epaimahaikideentzat rallyko onena, eta beretzat izan da lehen saria. Bigarren saria Mitxel Aizpuruak jaso zuen, eta hirugarrena Adiel Zabalak. Zumaiar onenaren saria, bere aldetik, Gorka Alberdik jaso zuen. Haurrei dagokionez, Aian Alberdik jaso zuen lehen saria, Kaira Sainz-Mazak bigarrena, eta June Etxanizek hirugarrena.
Aurtengo argazki rallyak 34 parte hartzaile izan ditu. Horietatik 29 helduen lehiaketan aritu ziren, eta bost haurren kategorian. Parte hartzaileen datuak ere xehatu zituzten atzoko ekitaldian: helduetan, 20 gizonezkoak izan ziren eta bederatzi emakumeak; jatorriari dagokionez, zumaiarrak zortzi izan ziren, eta 21 beste herrietakoak, hala nola, Zarautz, Azpeitia, Ordizia, Donostia edo Beasaingoak. Haurren kasuan, denak ere Zumaia bertakoak izan ziren, eta hiru mutilak izan ziren eta bi neskak.
Distirako kideek azaldu zuten aurtengo parte hartzea aurreko urtekoarekin alderatuta baxuxeagoa izan dela. "Agian data aldaketagatik jaitsiko zen, edo egun berean beste argazki rally bat zegoelako, Lesakako rallya, hain zuzen ere", adierazi zuten.