Bihar iluntzean hasiko dituzte sanpedroak Elkanon

Julene Sorarrain 2026ko ekainaren 27a

Herritarrak tortilla patata dastatzen, Elkanoko sanpedroetan. (Guka)

Txupina botako dute 20:00etan, eta bost egun iraungo dituen jaiei hasiera emango diete. San Pedro Eguna ospatuko dute astelehenean, eta atseden egun batzuen ondoren, uztailaren 3an, ostiralez, jarraituko dute jaiekin.

Beste herri eta auzoetan bezala, sanpedroak ospatuko dituzte Elkano auzoan ere. Hain zuzen ere, bihartik uztailaren 5era arte murgilduko da auzoa festetan, eta askotariko ekintzak izango dira bertan, besteak beste, parrillada, tortilla lehiaketa, kirol hitzorduak eta erromeriak.

20:00etan botako dute txupinazoa bihar, suziri eta kanpaiekin batera. Hurrengo egunean, astelehenez, patata tortilla lehiaketarekin emango diote hasiera San Pedro egunari, eta ondoren, Izer eta Alabier trikitilariak arduratuko dira auzoa girotzeaz. Eguerdian, berriz, paella jana egingo dute eta txartelak ekainaren 21ean izango dira salgai, auzoko elkartean, 11:00etatik 13:00etara. Helduen menuak 23 euro balio du, eta haurrenak, berriz, 10 euro.

Ospakizunekin jarraituz, uztailaren 3an parrillada egingo dute frontoian, eta ondoren, Indate DJaren saioak alaituko du auzoa. Larunbatean ere izango da otordurik: auzo afaria antolatu dute, eta txartelak hilaren 21ean eta 28an izango dira salgai, elkartean, 11:00etatik 13:00etara. Gainontzeko egunetan, Gazteategi tabernan ere eskuratu ahalko dira. Helduen menuak 30 euro balio du, eta haurrenak, 15 euro. Festak uztailaren 5ean agurtuko dituzte, eta horretarako, kirol probak eta erromeria antolatu dituzte.

Egitaraua

Bihar, igandea

  • 20:00. Txupinazoa, suziriekin eta kanpaiekin.

Etzi, astelehena: San Pedro Eguna

  • 11:00. Meza nagusia.
  • Ondoren, tortilla patata lehiaketa bertsolariekin batera.
  • Egun osoan zehar, Izer eta Alabier trikitilariak auzoa girotzen.
  • 14:00. Paella jana. Txartelak ekainaren 21ean izango dira salgai, auzoko elkartean, 11:00etatik 13:00etara.

Uztailak 3, ostirala

  • 17:30. Haurrentzako jolasak.
  • 20:30. Parrillada, auzoko frontoian.
  • 23:00. DJ Indate, goizalderarte.

Uztailak 4, larunbata

  • 21:00. Auzo afaria. Txartelak ekainaren 21ean eta 28an izango dira salgai, auzoko elkartean, 11:00etatik 13:00etara. Gainontzeko egunetan, Gazteategi tabernan eskuratu ahalko dira.
  • Ondoren, erromeria Ostolaza eta Larrañagaren eskutik.

Uztailak 5, igandea

  • 11:00. Ospakizuna.
  • 12:00. Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkolarien finala.
  • 17:00. Infantilen esku pilota partida: Domingorena-Eizmendi eta Murua-Iturrioz bikoteak.
  • Jarraian, Jokin eta Eneko Bidezabal anaien arteko desafioa.
  • Egun osoan zehar, Izer eta Narbaiza trikitilariak auzoa girotzen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide