Bihar hasita, San Pedro festen zurrunbiloan sartuko da Zumaia

Maddi Txintxurreta 2026ko ekainaren 26a

Sanpedroetako prozesioaren artxiboko irudia.

Bihar eguerdian jaurtiko dute jaiei hasiera emango dien suziria udaletxe aurretik. Gauean, Min, Indigø eta Belako taldeen kontzertuak izango dira Txomin Agirre kaian. Puro Relajoren emanaldiak eta Vulcano pirotekniaren su artifizialek emango diete amaiera jaiei, asteleheneko San Pedro egunean.

San Juan suak berotutako herri giroa errematatzera datoz sanpedroak. Bihartik hasita, festarako hiru egun bete izango dituzte zumaiarrek eta bisitariek, eta musika izango da aurtengo plater nagusietako bat: Belako taldeak kontzertua emango du bihar gauean Moilan.

Eguerdian jaurtiko dute festei hasiera ofiziala emango dion txupina kirol arloko elkarteek, herriko Nagusilaneko boluntarioek eta ZIIZ Zumaiako Industria ondarearen Informazio Zentroko kideek, baina goizetik hasiko da jai giroa herrian, Ondartxo plazako judo erakustaldiarekin. Arratsaldean, Lasko txarangaren kalejirak, patata tortilla txapelketa, zesta punta txapelketako finalak eta haurrentzako jolasak izango dira, eta kontzertuak izango dira gauean: Min, Indigø eta Belako taldeak ariko dira Moilan.

Igandean, dultzaineroak eta txarangak arduratuko dira herriko kaleak girotzeaz, eta eguneko musika eskaintza Amaia plazako DJek osatuko dute. Musikaz besteko eskaintzarik ere izango da egun horretan, ordea: herri kirolak, erraldoi eta buruhandien kalejira, sanpedroetako danborrada...

San Pedro egunean, astelehenarekin, prozesioa eta meza nagusia egingo dituzte goizean. Eguerdian, ZUMB Musika Bandak kontzertua emango du, eta arratsaldean Incansables txarangaren kalejira eta haurrentzako festa izango dira. Puro Relajo taldearen kontzertuak eta Vulcano pirotekniaren su artifizialek emango diete amaiera jaiei.

Honakoa da aurtengo San Pedro jaietako egitaraua:

Ekainak 27, larunbata

  • 11:00. Ondartxo plazan judo erakustaldia.
  • 12:00. Udaletxe aurrean txupinazoa eta jaien hasiera.
  • 12:00. Kofradian II. Patata Tortila Lehiaketa, Lierniren omenez.
  • 12:30. Udaletxean hasita, Lasko txarangaren kalejira.
  • 13:00. Amaia plazatik Erriberan zehar, Falcons de Vilafranca elkartearen ikuskizuna.
  • 17:00. Erkibe lorategian eta Eusebio Gurrutxaga plazan haurrentzat puzgarriak eta jolasak.
  • 18:00. Aitzuri pilotalekuan, San Pedro zesta punta txapelketako finalak.
  • 18:30. Eusebio Gurrutxaga plazan hasita, Lasko txarangaren kalejira.
  • 20:00. Eusebio Gurrutxaga plazan, ZUMB Musika Bandarekin dantzaldia.
  • 21:30. Moilan kontzertuak: Min, Indigø eta Belako. Ondorioz, Txomin Agirre kaia itxita egongo da (Moilaberri zubi paretik aurrera), 22:30etik 01:30era bitartean.

Ekainak 28, igandea

  • 09:00. Zumaiako Musika Eskolako eta Tolosako dultzaineroekin goiz soinua.
  • 12:30. Eusebio Gurrutxaga plazan hasita Beti Jai txarangaren kalejira.
  • 13:00. Eusebio Gurrutxaga plazan herri kirolak.
  • 18:00. Udaletxe aurrean Erraldoi eta Buruhandien kalejira, Tolosako dultzaineroek lagunduta.
  • Jarraian, Eusebio Gurrutxaga plazan haur eta gaztetxoentzat merienda osasuntsua.
  • 18:30. Kantauri plazan hasita Beti Jai txarangaren kalejira.
  • 18:45. Sagarbidetik sanpedroetako danborradaren irteera: Otezuri, Victoriano Arrate, Aita Mari auzunea, I. Zuloaga plaza, udaletxea, parrokia, Ondartxo, Upela plaza parean (Erribera), Magnoliaren parean eta Eusebio Gurrutxaga plaza.
  • 19:00. Tolosako dultzaineroak kalejiran.
  • 19:00-01:00. Amaia plazan DJ saioak: Eddy, Saizar eta MNNS.
  • 20:00. Udaletxean herriko bandera jasotzea.
  • 22:30. Eusebio Gurrutxaga plazan 70, 80 eta 90 urteko doinuekin dantzaldia, Xabi Fest.

Ekainak 29, astelehena, San Pedro eguna

  • 09:00. Tolosako dultzaineroekin goiz soinua.
  • 11:00. Prozesioa, eta ondoren, meza nagusia San Pedro abesbatzarekin.
  • 11:30. Tolosako dultzaineroak kalejiran.
  • 12:30. Eusebio Gurrutxaga plazan hasita, Incansables txarangarekin kalejira.
  • 13:00. Eusebio Gurrutxaga plazan ZUMB Musika Bandaren kontzertua.
  • 18:00. Kofradian haurren festa, Porrusalda erromeria!
  • 18:30. Erriberan hasita Incansables txarangarekin kalejira.
  • 20:30. Eusebio Gurrutxaga plazan kontzertua: Puro Relajo.
  • 23:00. Su artifizialak Vulcano piroteknia etxearen eskutik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide