Pertsona batzuek jarrera arrazistak jasan dituztela eman du aditzera Zumaiako Udalak. Adierazi duenez, gertaerak atzo jazo ziren Zumaiako hareatzan, nahiz eta ez duen xehetasun gehiago eman nahi izan. Horren aurrean, udalak, bertan ordezkatuta dauden hiru alderdien oniritziarekin, elkartasun eta babesa adierazi nahi izan die gertakari horien ondorioak jasan dituzten pertsonei.
Gaineratu du Itzurunen gertatutakoa argitzeko ematen ari diren urratsen jarraipena egingo duela, eta bere esku dauden neurriak aztertuko dituela "horrelako egoerak prebenitzeko eta errespetua sustatzen jarraitzeko. Izan ere, hondartzek eta herriko gainerako espazio publikoek pertsona guztientzako leku seguru, ireki eta errespetuzkoak izan behar dute".
Horrekin batera, herritarrei dei egin die udalak "errespetuan, berdintasunean eta elkarbizitzan oinarritutako jarrerak sustatzen jarraitzeko, eta halako jokabideen aurrean jarrera aktiboa izateko. Guztion ardura da Zumaia pertsona guztientzat herri segurua, atsegina eta inklusiboa izaten jarraitzea".