Galanta egin du gaur Aitor Agirre txirrindulari zumaiarrak. Izan ere, erlojupeko Espainiako txapeldun izendatu da, Elite kategorian, gaur jokatutako lasterketan. Hiru hamarren besterik ez dira egon zumaiarraren eta bigarren sailkatu den txirrindulariaren artean.
Sabiñanigon (Aragoi, Espainia) jokatuko dituzte gaurtik igandera bitartean Espainiako Txirrindularitza Txapelketan. Lineako lasterketei ekin aurretik, erlojupeko lasterketak jokatu dituzte gaur. Arratsaldeko lehen orduetan atera dira lehen txirrindulariak irteera puntutik. 30,8 kilometroko bidea zuten parte hartzaileek aurrean.
Smartlog Nest taldeko txirrindulari Aitor Agirre zumaiarra 38. dortsalarekin atera da, eta bera izan da Elite kategorian azkarrena. 40:15.46 denboran bete ditu ibilbideko ia 31 kilometroak. Izan den berdintasunaren adibide da bere kategorian bigarren egin duen Eloy Terueli 25 ehuneko besterik ez dizkiola atera.
Ez da izango gaurkoa Agirrek Espainiako txapelketan jokatuko duen lasterketa bakarra, igandean lineako proban lehiatuko dela. Lineako txapelketan arituko da baita ere Maite Urteaga zumaiarra. Bere kasuan, larunbatean izango du lasterketa.
Igor Arrieta bederatzigarren
Ez da Agirre izan eskualdeko txirrindulari bakarra gaurko txapelketa lehiatzen. Igor Arrieta txirrindulari zestoarra profesionalen kategorian lehiatu da, eta bederatzigarren postu on bat erdietsi du, txapeldun izan den Pablo Castrillorengandik minutu eta 26 segundora.