Amaitzear da aste batzuetatik hona Lubaki kiroldegian jokatu duten Emakumezkoen Areto futbol Txapelketa. Gaur jokatuko dituzte aurtengo edizioko azken partidak, eta antolatzaileek zaletuei dei egin diete kiroldegira hurreratzeko taldeei animoak ematera.
Atzo arratsaldean jokatu zituzten txapelketako finalerdiak, Lubaki kiroldegian. Lehen partidan, Porkix taldea sailkatu zen finalera, partidako azken segundoan Txikixari sartutako gol bati esker. Bigarren neurketan, Yeima taldeak espero baino errazago irabazi zion XX-i, era horretan finalerako txartela lortuz.
Txapelketako azken partidak gaur arratsaldean jokatuko dituzte. 19:50ean, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko dute XX-ek eta Txikixak. Ondoren, 20:40an, finalaren txanda izango da, eta Porkix eta Yeima taldeak neurtuko dira.
Taberna zabalik
Egun beroak dira hauek, eta gaur Lubakira inguratutako zaletuek izango dute eztarria freskatzeko aukera. Izan ere, eskubaloi partidetan egin bezala, Pulpo Eskubaloia klubak taberna jarriko du, eta partiden aurretik eta ondoren izango da zabalik.