Donostiako San Telmo Museoak hartu zuen atzo iluntzean Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak emandako Euskadi Sarien sari banaketa ekitaldia. Arlo desberdinetako norbanakoak eta elkarteak igo ziren agertokira sariak jasotzera, eta horien artean izan zen Telmo Lazkano zumaiarra. Javier Hurtado sailburuaren eskutik jaso zuen Lazkanok erabiltzaile digitalen eskubideen defentsan egindako lanaren aitortza.
Lazkanok Gukari adierazi dionez, egindako "ibilbideagatik" saritu dute, hain zuzen, erabiltzaile digitalen defentsan egindako lanagatik. Arlo digitalean sumatzen zituen arazoek eta eskubide urraketek eraman zuten Lazkano gai horietan inplikatzera. "Hortik etorri ziren duela zortzi urte nerabeekin egin genuen proiektua, Altxa Burua ekimena, Jaurlaritzari eta Osakidetzari egindako aholkularitza lanak, dibulgazio liburua edo podcasta", xehatu du zumaiarrak. Atzo jasotako sariak lanean jarraitzeko bultzada emango diola ere onartu du Lazkanok. Haren ustez, gainera, aitortza horrek agerian uzten du gaiari ematen zaion garrantzia.
Duela ez asko pentsaezinak ziren "aurrerapauso handiak" ere sumatu ditu Lazkanok azken urteotan. "Meta bezalako multinazional bati [Facebook, Instagram edo WhatsApp-en jabea] isuna jarri diote haur pornografiagatik, gazteen artean adikzioa sustatzeagatik eta eritasun mentalak eragiteagatik. Hori duela lau urte ezinezkoa izango zatekeen", nabarmendu du Lazkanok. Salatu du Metak edo bestelako teknologia enpresa handiek "produktu digital oso adiktiboak" kaleratzen dituztela etekin ekonomikoak lortzeko, baina haurren eta gazteen osasun mentalaren "kaltetan". Lazkanoren esanetan, horrek badu definizio bat: "Haur esplotazioa".
Herri ekimenen eragina
Sarituaren ustez, teknologia digitalei lotutako gai horiek "kezka eragin dute" mundu mailan, eta horrek eraginda hartu dituzte herrialde batzuek neurriak: "Adibidez, Australian debekatu egin diete 16 urtetik beherakoei sare sozialak erabiltzea; legedia aldatu dute horretarako, eta antzerako neurriak hartzen ari dira Europan ere", gogoratu du. Hark dioenez, orain gobernuek hartzen dituzte erabakiak herri ekimenek egindako lanketaren ondorio dira. Uste du, gainera, mundu digitalak gazteen osasun mentalean duen inplikazioaren jabetze maila gero eta handiago dela, eta horregatik, gizartea oro har beldurra galtzen ari dela eta gauzei bere izenarekin deitzen hasi dela esan du.