Tatami bat Ondartxon eta lau gerriko beltz

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 26a

Gerriko beltza lortu duten Kodaore judo elkarteko lau zumaiarrak. (Soraya Lopez)

Azken urteotan egin bezala, Kodaore judo elkarteko kideek erakustaldia egingo dute San Pedro jaien hasieran. Larunbat goizean izango da, Ondartxon. Aurtengoa berezia izango da, elkarteko lau gaztek gerriko beltza lortu dutelako maiatzean egindako azterketetan.

Judoak ere bere tartea izan ohi du San Pedro jaien egitarauan. Bihar eguerdian jaurtikiko dute festei hasiera emango dieten suziria foruen plazatik, baina aurretik, 11:00etan hasita, judo erakustaldia eskainiko dute Kodaore judo klubeko lagunek Ondartxo plazan. Tatami gisa jantziko da ordu batzuetarako bada ere, herriko plaza hura. 

Biharko erakustaldian ehun lagun baino gehiago egongo direla aurreikusi du Kodaore elkarteko buru den Juan Antonio Juantxo Calero azpeitiarrak. "Hemen bertatik 50 bat ume daude apuntatuta, hamar edo hamabost Azpeititik, eta beste hamar bat ere etorriko dira Azkoititik. 80 bat haur izango dira erraz, eta guztira ehun bat lagunek hartuko dute parte erakustaldian", azaldu du.

Urte askoan Zumaian judo erakusten aritu zen Abundio Garciaren lekukoa hartu zuen Calerok duela hamarkada bat. "2016-2017 denboraldia zen eta Azpeitian zegoen irakasleak esan zigun ea Zumaiara etorri nahiko genukeen, Abundiok erretiroa hartzen zuela eta", dio Calerok Lubaki kiroldegian ematen dituen entrenamendu saio bateko tarte batean. Zumaiara etortzea erabaki zuenean, hogei haur aurkitu zituela du gogoan. "Goibel samarra zegoen giroa, eta entrenamenduak egiten eta gauza berriak probatzen hasi nintzen", dio.

Zumaiako eskolaren etorkizuna kolokan zegoela jakin zuenean, Calerok hartu zuen haren ardura. "Pixkanaka gero eta jende gehiago etortzen hasi zen. Lehen astean bi egunetan etortzen ginen, eta orain astean lau egunetan izaten ditugu entrenamenduak". Egunean hiru ordutan aritzen direla ere azaldu du azpeitiarrak, "gela ere nahiko txikia da eta". Lehenengo orduan 6 eta 8 urte arteko haurrekin egiten dute lanketa, 9 eta 12 artekoak bigarrengoan, eta 13tik aurrerakoak hirugarrengoan.

Kategoria eta adin guztiak kontutan hartuta, gaur egun ehundik gora lagun gerturatzen dira Lubakira judoko entrenamenduak jasotzera. Hamar urteko epean izandako igoera horren atzean judoak dituen balioak daudela dio Calerok. "Azkenean familia txiki bat gara, eta judoak baditu balio batzuk, adiskidetasuna, zintzotasuna... Gauza horiek guztiek asko erakartzen dute. Gero, erakustaldiak kanpoan egiten hasi ginen, gerrikoak lortzen dituztenean diplomatxoak ematen dizkiegu, egunero etortzen direnei pegatina bana ematen diegu, sari txikiak ematen dizkiegu". Hazkunde horren atzean egon daitekeen arrazoiaz galdetuta, erantzun bakar bat ez dagoela dio. "Hona 6, 8, 12 urteko haurrak ondo pasatzera etortzen dira, ez dute buruan gerriko beltza lortzea. Adin tarteko horretako haurren kasuan garrantzitsua da ondo pasatzea; diziplina baten barruan bai, baina ahaztu ditzatela eskolako arazoak". 

Juantxo Calero, erdian, seme-alabarekin, Lubaki kiroldegian.

Lehiari garrantzia handirik ematen ez diola ere gaineratu du arduradunak, "edo nork ateratzen duen urrezko domina bat. Hori berdin zait, eta agian hori dioen judoko irakasle bakarra izango naiz. Hona etortzen garenok ahal duguna egiten dugu, borondate onenarekin. Agian hemengo haurrak ez dira lehiatuko, baina judoaz gehiago dakite heldu batzuek baino". 

Lau gerriko beltz

Urte berezia izan da aurtengoa Kodaore judo elkartearentzat, lau ikaslek, Uxue Irizarrek, Sara Djellaouik, Maialen Arrietak eta Nahia Garciak, gerriko beltza eskuratu dutelako maiatzaren 30ean egindako azterketan. "Gerriko beltzeko lehen dan lortu dute. Urte mordoa behar da gerriko beltza lortzeko, eta horregatik oraindik eta garrantzia handiagoa du gazte hauek egin duten lanak. 16 urteko bi lagunek, 17ko batek eta 18 batek lortu dituzte gerriko beltzak, eta gainera guztiak neskak. Nik uste hori garrantzitsua dela".

Gerriko beltza atera duten neska horiek txikitatik aritu dira judo ikasten Zumaian. Haien azterketa ez ikusi izanagatik pena handia duela dio Calerok. "Ezin izan nuen ikusi, ingresatuta nengoelako. Pena handia eman dit haien azterketa ez ikusteak, nire azterketa galtzeak baino. Sekulako poza eman dit. Azken finean, zurekin egon diren haur txiki horiek, hainbeste lan egin eta gero, gerriko beltza lortu dute. Azken 9 edo 10 urtetan Zumaian atera diren lau gerriko beltzak dira, laurak neskak, laurak zumaiarrak". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide