Zumaiako Udalak hasi ditu Marianton parkea berritzeko obrak. Eremu horretan haurrentzat, gazteentzat eta helduentzat erabilera anitzeko espazio modernoa eta jasangarria egingo dute. Hain zuzen ere, lorzoru iragazgarria jarriko dute, uraren zikloa errespetatzeko, eta elementu naturalak lehenetsiko dituzte, bai jolasgunean, bai egoteko lekuan.
Besteak beste, jolas naturalen eremua, estalitako parkea, piknikerako mahaien gunea, belardi zabala, euri lorategia, oinezkoentzako eta bizikletentzako bideak eta atseden hartzeko guneak atonduko dituzte. Gainera, lehendik zeuden zuhaitz gehienak mantenduta –batzuk kendu beharko dituzte lanak egiteko–, askotariko espezietako 48 zuhaitz eta zuhaixka berri landatuko dituzte.
Erakundeak azaldu duenez, herriko berdegune estrategikoenetako bat da Mariantongoa; izan ere, kokapen estrategikoa dauka eta herrigune berdegune nagusienetakoa da. Parkeak 5.322 metro koadro ditu, eta erabat berrituko dute. Lanak Excavaciones y Transportes Orsa enpresak egingo ditu, 1.036.861 euroren trukean. Ondo bidean, parke eraberritua martxoan zabaltzea aurreikusten du udalak.
Haurrek landutako proiektua
Mariantono parkearen proiektuaren berezitasuna da Zumaiako Haurren Kontseiluarekin landu duela udalak. Haurren ekarpenak oinarri hartuta egin dute jolas eremuaren diseinua; izan ere, erakundeak azaldu duenez, haien beharretara eta nahietara egokitutako espazio erakargarria eta irisgarria sortu nahi dute. Proiektuaren idazketaz Kimu Bat enpresa arduratu da, eta oraintsu hasi dituzte obrak Orsa enpresakoek.
Halaber, Mariantongo parkearen berritzea udalak herriko haur parkeak eraberritzeko martxan duen planaren barruan kokatzen dela zehazyu du erakundeak. Zehazki, herritarren aisialdirako eta bizikidetzarako kalitatezko espazio gehiago sortzeko helburuz hasi da eremuak zaharberritzen.