Su artifizialen ikuskizuna dela eta, hainbat neurri hartu ditu udalak

Julene Frantzesena 2026ko ekainaren 27a

Su artifizialen emanaldi bat, Zumaian.

Astelehenean izango da Vulcano etxearen emanaldia, 23:00etan hasita, eta erakundeak Zubiaundia itxiko du 19:00etatik gauerdira bitartean. Halaber, N-634 errepidea ere itxita izango da 22:55etik 23:15era. Segurtasuna bermatzeko, udalak hainbat gomendio jarraitzeko deia egin die herritarrei.

Astelehenean, San Pedro egunez, su artifizialen ikuskizuna eskainiko du Vulcano etxeak 23:00etatik aurrera. Hori dela eta, Zubiaundia itxita izango da 19:00etatik gauerdira bitartean, eta N-634 errepidea ere bai, 22:55etik 23:15era. Segurtasuna bermatzeko xedez hartu ditu neurriok Zumaiako Udalak, eta herritarrei seinaleak eta jarraibideak errespetatzeko eskaera egin die.

Erakundeak suak botako dituzten gunera ez hurbiltzeko esan die herritarrei, halaber. Gainera, ikuskizunaz gozatu nahi dutenei Gernika parkera nahiz Txomin Agirre kalera garaiz joatea gomendatu die. Horrez gain, suen bueltako emanaldiak irauten duen bitartean, itsasadarrean txaluparik, piraguarik edo bestelakorik ez erabiltzeko eskatu du, eta ontziak eremu horretatik kentzeko deia ere egin du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide