Herri kirol erakustaldia, San Pedro egunaren bezperarako

Intza Trula 2026ko ekainaren 28a

Besteak beste, aizkoran, harri jasotzen, ingudearekin eta txingekin aritu dira hainbat kirolari eguerdian Eusebio Gurrutxaga plazan. Une berean, eguraldi goibelaren aurre egin nahian, Beti Jai txaranga ibili da herrian barrena.

Eguraldi goibelarekin esnatu da gaur Zumaia, baina hori ez da oztopo izan sanpedroekin jarraitzeko. Festetako bigarren egunean, eguerdi aldera hasi da mugimendua herrian, eta, bereziki, Eusebio Gurrutxaga plazan bildu dira herritarrak. Izan ere, herri kirol erakustaldia eman dute bertan, eta Beti Jai txarangak girotu du ingurua.

Besteak beste, aizkoran, harri jasotzen, ingudearekin, txingekin eta lasto altxatzean aritu dira. Asko izan dira erakustaldia hesien atzetik jarraitzera gerturatu direnak, eta horiek guztiek belaunaldi ezberdinetako kirolariak ikusi ahal izan dituzte lanean: esaterako, Hodei Ezpeleta, Estefania Etxebeste, Goizeder Beltza, Carlos Ruiz de Aretxabaleta eta Enara eta Aratz Beltza.

Arratsaldean jarraituko du festak, ondorengo egitarauarekin:

Gaur, igandea

  • 18:00. Udaletxe aurrean Erraldoi eta Buruhandien kalejira, Tolosako dultzaineroek lagunduta.
  • Jarraian, Eusebio Gurrutxaga plazan haur eta gaztetxoentzat merienda osasuntsua.
  • 18:30. Kantauri plazan hasita Beti Jai txarangaren kalejira.
  • 18:45. Sagarbidetik sanpedroetako danborradaren irteera: Otezuri, Victoriano Arrate, Aita Mari auzunea, I. Zuloaga plaza, udaletxea, parrokia, Ondartxo, Upela plaza parean (Erribera), Magnoliaren parean eta Eusebio Gurrutxaga plaza.
  • 19:00. Tolosako dultzaineroak kalejiran.
  • 19:00-01:00. Amaia plazan DJ saioak: Eddy, Saizar eta MNNS.
  • 20:00. Udaletxean herriko bandera jasotzea.
  • 22:30. Eusebio Gurrutxaga plazan 70, 80 eta 90 urteko doinuekin dantzaldia, Xabi Fest.

Bihar, San Pedro eguna

  • 09:00. Tolosako dultzaineroekin goiz soinua.
  • 11:00. Prozesioa, eta ondoren, meza nagusia San Pedro abesbatzarekin.
  • 11:30. Tolosako dultzaineroak kalejiran.
  • 12:30. Eusebio Gurrutxaga plazan hasita, Incansables txarangarekin kalejira.
  • 13:00. Eusebio Gurrutxaga plazan ZUMB Musika Bandaren kontzertua.
  • 18:00. Kofradian haurren festa, Porrusalda erromeria!
  • 18:30. Erriberan hasita Incansables txarangarekin kalejira.
  • 20:30. Eusebio Gurrutxaga plazan kontzertua: Puro Relajo.
  • 23:00. Su artifizialak Vulcano piroteknia etxearen eskutik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide