Gizonak fin ibili dira Plentzian; emakumeak mantsoago, Madrilen

Aitziber Arzallus 2026ko ekainaren 28a

Zumaiako emakumeen trainerua, gaur goizean, Madrilgo Buitrago del Lozoyako urtegian. (EITB)

KAE 1 ligako bigarren jardunaldian, Plentziako estropadan, bigarren sailkatu da Zumaiako gizonen trainerua. Aldiz, Madrilgo Buitrago del Lozoyan jokatu duten Euskotren ligako lehen jardunaldian, zazpigarren sailkatu da emakumeen ontzia. 

Zumaiako gizonek atzo arratsaldean jokatu zuten KAE 1 ligako bigarren jardunaldiko estropada Plentzian (Bizkaia), Plentziako 37. Ikurriña hain zuzen, eta fin aritu ziren, bigarren helmugaratuta, Deusto-Bilbao irabazlearen atzetik, eta Zarautzen aurretik.

Hirurek traineruak parez pare lehiatu ziren hirugarren txandan, eta estu joan ziren gauzak. Aurreneko ziaboga eta bigarrena Zumaiak hartu zituen bizkorren, Deusto-Bilbaori segundo bateko aldea eta Zarautzi hiru segundokoa aterata; hirugarren ziabogan Deusto-Bilbaok atera zion segundoko aldea Zumaiari, eta zazpikoa Zarautzi; baina azken luzean aldeak handitu egin ziren. Horrela, Deusto-Bilbaok baino zazpi segundo gehiago behar izan zituen Zumaiak helmugako marra zeharkatzeko; eta Zumaiak baino bederatzi segundo gehiago behar izan zituen Zarautzen. Orio B taldea, berriz, azkena helmugaratu zen.  

KAE 1 ligako sailkapen nagusian, bigarren lekuan dago Zarautz, 33 punturekin, sailkapenaren buruan dagoen Deusto-Bilbao baino puntu bakar bat gutxiagorekin. Hirugarrenean dago Zumaia, Zarautz baino puntu bat gutxiagorekin; eta 11. lekuan dago Orio B, 5 punturekin. 

Lehen jardunaldian, zazpigarren

Zumaiako emakumeek, berriz, gaur goizean ekin diote Euskotren ligari, Madrilgo Buitrago del Lozoyako urtegian jokatu dute erlojupekoarekin. Lau luzeko eta hiru ziabogako proban, Donostiako Arraun Lagunak izan da ontzirik azkarrena, bigarren sailkatu den Oriori hamabi segundoko aldea aterata.

Zortzi traineruk parte hartzen dute emakumeen lehen mailako lehian, eta gaurkoan, zazpigarren sailkatu da Zumaia, aurreneko sailkatuari 30 segundoko aldea eta azkenekoari segundo bakarrekoa aterata.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide