Eguraldia kaskarra izan da arratsalde osoan zehar, eta euripean egin behar izan dute San Pedro jaietako danborrada. Baldintzak egokienak ez baziren ere, umorea eta danborra jotzeko gogoa ez dira falta izan desfile osoan zehar. Aitzakiak albo batera utzita, euritako pontxoa jantzita egin dute danborrada.
Sagarbiden hasi dute desfilea, 18:45 inguruan, eta herriko hainbat txoko zeharkatu dituzte jarraian; esaterako, Victoriano Arrate etorbidea, Aita Mari auzunea, eta Ondartxo eta Eusebio Gurrutxaga plazak. 20:00etan puntuan heldu da danborrada udaletxe aurrera, bertan jaso baitute bandera Iñaki Ostolaza alkateak eta udaleko zein danborradako hainbat ordezkarik.
Horrez gainera, erraldoiak eta buruhandiak Zumaiako kaleetan atzera eta aurrera ibili dira arratsaldean zehar. Tolosako dultzaineroek lagunduta egin dute kalejira.
Eguna amaitzeko, Eusebio Gurrutxaga plazan 70, 80 eta 90 urteko doinuekin dantzaldia izango da 22:30ean, Xabi Festekin. Bihar, berriz, San Pedro eguna da, ekainak 29, baita festetako azken eguna ere. Hain justu, hauxe da egitaraua:
Bihar, San Pedro eguna
- 09:00. Tolosako dultzaineroekin goiz soinua.
- 11:00. Prozesioa, eta ondoren, meza nagusia San Pedro abesbatzarekin.
- 11:30. Tolosako dultzaineroak kalejiran.
- 12:30. Eusebio Gurrutxaga plazan hasita, Incansables txarangarekin kalejira.
- 13:00. Eusebio Gurrutxaga plazan ZUMB Musika Bandaren kontzertua.
- 18:00. Kofradian haurren festa, Porrusalda erromeria!
- 18:30. Erriberan hasita Incansables txarangarekin kalejira.
- 20:30. Eusebio Gurrutxaga plazan kontzertua: Puro Relajo.
- 23:00. Su artifizialak Vulcano piroteknia etxearen eskutik.