Fedea eta musika, San Pedro Eguneko goiz parteko osagaiak

Juan Luis Romatet

Gaur emango diete San Pedro jaiei amaiera, gaua heltzean jaurtikiko dituzten su artifizialekin. Aurretik, goiz partean, ohikoak diren bi ekitaldi izan dira herrian: santoaren prozesioa Alde Zaharrean zehar, eta Udal Musika Bandaren kontzertua plazan.

Suziriak eman zien hasiera San Pedro jaiei Zumaian, larunbat eguerdian, eta beste mota bateko suekin amaituko dituzte, gauarekin batera egingo den su artifizialen erakustaldiarekin, hain zuzen. Aurretik ere izan dira ekitaldiak herrian, San Pedro Eguna ospatzeko. 

Tolosako dultzaineroen goiz soinuak esnatu du herria. Azken hamarkadetan urtero herria bisitatu duten musikariek goizean zehar egindako lehen kalejira izan da hura. Fedeak ere izan du bere tartea, Parrokian egindako meza nagusiarekin. Aurretik, herriko zaindari den San Pedroren irudia prozesian atera dute herriko Alde Zaharrean zehar. Parrokian hasi eta amaitu dute prozesioa, eta tartean Harategi, Olazabal Idazkaria eta Kale Nagusitik igaro da. 

Eguerdi partean musikak hartu du lekukoa. Dultzaineroak batetik eta Incansables txaranga bestetik aritu dira kaleko giroa piztu nahian. Zumaiako Udal Musika Bandak ere kalejira labur bat egin du Erribera kalean barrena, Beheko plazara heltzeko. Han eman du sanpedroetako bigarren kontzertua, Josean Pascualen gidaritzapean. Operak, pasodobleak, tangoak, euskal musikak edota filmetako doinuek izan dute lekua bandaren gaurko egitarauan. 

Arratsaldean, jarraipena

San Pedro jaiek arratsaldean jarraituko dute. 18:00etan, haurren festa izango da Porrusalda erromeriarekin! Ordu erdi geroago, 18:30ean, Incansables txarangaren bigarren saioa izango da. 20:30ean hasiko da Puro relajo musika taldearen kontzertua, Beheko plazan, eta 23:00etan, su artifizialen ikuskizuna izango da Vulcano Piroteknia etxearen eskutik.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide